Azken bost egunetan 76 kasu berri baieztatu dira Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 28a, 13:07

Abenduaren 25 eta 26an bigarren olatuko zenbateko txikienak erregistratu ziren bailaran; zazpi eta zortzi positibo bakarrik atzeman ziren. Dena den, hainbat herritan intzidentzia-tasa 500etik gorakoa da, eta horren erakusle da Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan, tabernak itxita mantendu beharra.

Antzuolan eta Aramaion ez da kasu bakar bat ere atzeman azken bost egunetan, eta bailaran, oro har, beheranzko joera sumatu da. Guztira, Arrasaten 32 positibo erregistratu dira, Oñatin hemezortzi, Bergaran hamar, Aretxabaletan zortzi, Eskoriatzan sei eta bana Elgetan eta Leintz Gatzagan. Guztira 76 dira, eta Debagoieneko zenbateko metatua 4.546ra igo da.

Bestetik, aipatzekoa da positibo berriekin, Arrasatek 2.000 kutsatuen langa gainditu duela; pandemia hasi zenetik, 2.029 baitira gaitza hartu duten arrasatearrak. Hala, 1.000 herritarretatik 91,98 kutsatu dira. Gainerako datuak hurrengo taulan daude:

HERRIA POSITIBO BERRIAK METATUAK 1.000 BIZTANLEKO
Arrasate +32 2.029 91,98
Oñati +18 578 50,90
Bergara +10 1.037 69,11
Aretxabaleta +8 408 57,48
Eskoriatza +6 217 53,38
Elgeta +1 49 43,02
Leintz Gatzaga +1 7 28,00
Aramaio 0 75 49,80
Antzuola 0 146 66,33
GUZTIRA 76 4.546 70,29

Egunez egun, 26 kasu hauteman zituzten abenduaren 23an, Oñatin (10), Arrasaten (9), Aretxabaletan (4), Eskoriatzan (2) eta Bergaran (1). Abenduaren 24an, berriz, 20: Arrasaten (8), Oñatin (5), Aretxabaletan (3), Bergaran (2), Eskoriatzan (1) eta Leintz Gatzagan (1). Hurrengo egunean, 25ean, zortzi izan ziren hautemandakoak: Bergaran (5), Arrasaten (2), eta Aretxabaletan (1). Hilaren 26an, zazpi kasu: Arrasaten (4), Bergaran (1), Eskoriatzan (1) eta Oñatin (1). Azkenik, atzo, hamabost positibo baieztatu ziren: Arrasaten (9), Eskoriatzan (2), Oñatin (2), Bergaran (1) eta Elgetan (1).

Adierazi bezala, beheranzko joera sumatu da herri gehienetan, eta intzidentzia-tasek ere islatu dute hori; kolorerik aldatu ez den arren, behera egin dute guztiek, Oñatikoak eta Eskoriatzakoak izan ezik. Eta hain zuzen ere, Eskoriatzan berriz ere 500etik gora kokatu da intzidentzia (516,61).

Mapa honetan daude tasa eta datu guztiak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Txertorik ez, bihar arte

Pfizerren bidalketa atzeratu egin da, eta gaur bidaltzekoak ziren dosiak bihar iritsiko dira Hego Euskal Herrira. Espainiako Gobernuak azaldu duenez, Belgikako lantegian izandako "arazo logistikoa" izan da aldaketa eragin duena.

Azken datuei dagokienez, Hego Euskal Herrian 4.830 PCR eta antigeno proba egin ziren eta %6,2k eman zuen emaitza positiboa erkidegoan (herenegun baino %0,9 gehiagok) eta %6,5ek Nafarroan (herenegun baino %0,9 gehiagok). Horrenbestez, 358 izan ziren atzoko positiboak: 151 Bizkaian atzeman ziren, 94 Gipuzkoan, 60 Nafarroan, 49 Araban eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Bestalde, 33 lagun ospitaleratu zituzten erietxeetan, eta orotara 500 daude ospitaleetan. Horietatik, 101 dira ZIUn daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak