Jostailu bako umerik ez da egongo aurten ere

Maialen Santos 2020ko abe. 23a, 12:41

Debagoieneko Gurutze Gorrikoak jostailuak banatzen Elorregin.

Debagoieneko Gurutze Gorriak zaurgarritasun egoeran dauden 278 haur laguntzea zuen erronka, eta Gipuzkoako Gurutze Gorriak, aldiz, 1.750. Biek ala biek bete dituzte helburuak, eta eskerrak eman gura izan dizkiete ekarpena egin duten guztiei.

Urtero legez, aurten ere egoera zaurgarrian dauden haurrentzako jostailu bilketa egin du Gurutze Gorriak, Beraien eskubideak jokoan leloarekin. Hain zuzen, Gabonei begira 278 umerentzako jostailuak batzea zuten erronka, eta helburua lortu dutela azaldu du Gurutze Gorriko kide Elena Ibarrondok.

Eskaria, %40 handiagoa

Adierazi du normalean Debagoieneko 200 haur ingururentzat jasotzen dituztela jostailuak, baina aurten eskaria %40 igo dela, osasun-krisiaren eraginez: "Pandemiaren eraginez familia askotan lan barik geratu da bat edo beste, eta, beraz, egoera sozioekonomikoak okerrera egin du. Kasu batzuetan, egoera latza da". Hori horrela, 151 familia lagunduko dituzte, guztira.

Arrasateko Hiper Eroskin bildu dituzte jostailu gehienak –han jardun dute boluntarioek– eta azaldu du "erronka handia" izanik, "oso pozik" daudela herritarrek emandako erantzunarekin. Gehitu duenez, jostailu ugari batu dituzte, baina, horretaz gain, txekeak saltzea ere izan dute erronka: "Zenbaitek ez dute jakiten zein opari erosi, eta, beraz, duela urte batzuk ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ahalbidetu genuen". Txeke guztiak agortu dituzte, eta 3.000 euro eskuratu dituzte, denera. Horri esker, adin tarte guztietarako jostailuak bermatuta izango dituzte: "Jostailuak erostean pasa daiteke adin tarte jakin baterako jostailuak falta izatea, eta txekeen bitartez izaten dugu horiek erosteko aukera, ditugun beharren arabera". Enpresa batzuek eta partikularrek ere egin dituzte dohaintzak, gainera, eta horiek ere eskertu dituzte Gurutze Gorritik.

Jolasteko eskubidea aldarri

Ibarrondok azaldu duenez, kanpainaren leloaren bitartez aldarrikatu gura dute haurren "eskubideetako bat" dela jolasteko eskubidea. Ildo horretatik, azaldu du jostailuak jasotzeko baldintza izaten dela horiek berriak izatea, eta horrek eztabaida sortzen duela sarri: "Alde batetik, segurtasuna bermatuta egon dadin ezinbestekoa da berriak izan daitezen, eta, bestetik, uste dut ume guztiek dutela gutxienez Gabonetan jostailu berri bat jasotzeko eskubidea". Hain zuzen, uste du "ilusio" handia izaten dutela etxeko txikienek Gabonetan, "eta hori mantentzen lagundu behar zaie".

Elena Ibarrondo, Gurutze Gorria: "Ume guztiek dute gutxienez Gabonetan jostailu berri bat jasotzeko eskubidea"

Jostailu horiek jaso ahal izateko, bestalde, familiek bi baldintza bete behar dituzte: 0 eta 12 arteko haurrak izatea eta gizarte laguntzen onuragarri izatea. Jostailuei dagokienez, ez sexistak, ez belikoak eta kooperatiboak eskatzen dituzte, eta kontsumo arduratsua bultzatzen ere saiatzen dira. Hezitzaileak izan daitezen ere "garrantzitsua" da, horiekin haurrek errespetua, tolerantzia... landu ditzaten.

Egun hauetan zehar banatuko dituzte jostailuak, eta, horretarako, familia onuradunek Elorregiko egoitzara gerturatu beharko dute agindutako orduan. Ibarrondok adierazi du, halere, ekarpena egin gura duenak oraindik garaiz dabilela: "Aurten sobera geratzen zaizkigun jostailuak gorde egiten ditugu, behar direnerako". Jostailuak Elorregiko egoitzara eroan daitezke, aurrez bertara deituta, edo ES22 3035 0001 51 0010018156 (Laboral Kutxa) kontuan diru ekarpena egin daiteke, Jostailuak kontzeptuarekin.

Gipuzkoan, 4.000 jostailu

Gipuzkoa mailako Gurutze Gorritik azaldu dute iaz 1.600 haurrengana iristea erronka bazuten ere, aurten handitu egin dela eskaria, eta 1.750 haur lagundu gura dituztela. Horretarako, 4.000 jostailu batzea zuten erronka, eta helburua bete dutela azaldu dute: "Joan den astera arte, 3.000 jostailu batu genituen, eta herritarrei laguntza eskatu genien, beste 1.000 behar genituelako. Erronka bete dugu dagoeneko, eta eskerrak em

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak