Aurtengo Gabonak ezohikoak izango dira. Tradizio bilakatu diren hainbat ekintza bertan behera gelditu behar izan dira COVID-19aren pandemiaren eraginez. Izan ere, aurten, hilaren 24an ez da posible izango etxez etxe edo, besterik gabe, kalean kantuan aritzea. Bazkari eta afarietako bilerak ere mugatuak izango dira, eta kaleko ekintza asko ezin izan dira antolatu. Olentzeroren eta Mari Domingiren bisitei ere eragingo die egungo osasun egoerak, baita Errege Magoen desfileei ere. Dena den, ahaleginduko dira haurrekin harremanetan egoten, betiere, neurriak hartuta, aurtengoan ere inor opari barik gelditu ez dadin.
Arrasaten Olentzero eta Mari Domingirentzako gutunak jaso ohi dituzten Txoronpio eta Txoronpia aurreratu egin dira. Normalean, abenduaren 24an gerturatzen dira arrasatearrengana, baina aurten, egoera dela eta, martitzen eta eguazten honetan, hilaren 15ean eta 16an, herriko ikastetxeetara joan dira. Horrela egin diete bisita Arrasateko haurrei, eta jaso dituzte jada umeen eskaerak. Horrez gain, abenduan 24an, Olentzero herrian zehar ibiliko da, 20:00etan, "zerua argituko duen arte".
Gutunak eta postontzia
Bergaran, berriz, ez dira kalera aterako eta ez da euren harrerarik egongo, baina jasoko dituzte herritarren eskakizunak. Udaletxeko atarian daude Olentzeroren eta Mari Domingiren panpinak, eta nahi duenak bertan utzi ditzake eskutitzak. Gainera, 2011 eta 2019. urteen artean jaiotako haurrek Olentzeroren eta Mari Domingiren gutuna jasoko dute etxean.
Oñatin ere egongo da postontzi berezi bat, ilusioa mantentzeko eta eskaerak egiteko. Lazarraga parkearen sarreran jarri duten egurrezko etxolan dago Olentzerok eta Mari Domingik jasoko dituzten gutunak uzteko tokia. 09:30etik 19:00etara egongo da zabalik etxola, hilaren 24ra arte. Kalera, ordea, ez dira aterako; aurten ez dira herriko plazan egongo abenduaren 24an, ezta aurretik egin ohi den kalejiran ere. Jende pilaketarik ez egoteko erabaki dute ekitaldi hori bertan behera uztea.
Aretxabaletan ere ez da egongo Olentzeroren eta Mari Domingiren desfilerik. Hala ere, 10 urtetik beherako neska-mutiko guztiek gutuna jasoko dute haien partetik. Gainera, ezustekoren bat ere izango dute umeek. Eguaztenean hasi ziren eskutitz horiek Aretxabaletako haurren etxeetara iristen, eta abenduaren 23ra bitartean jasoko dituzte. Gainera, postontzi bat jarri dute Arkupe kultura etxean, Gabonetako pertsonaia horiei gutunak bidali ahal izateko.
Olentzeroren etxea
Eskoriatzan, abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi ez dira urtero moduan kalez kale ibiliko, eta laguntzaileek ez dituzte goizean plazan eskutitzak jasoko. Hala ere, Ibarraundi museoa Olentzeroren etxea balitz bezala atondu dute. Ikatza egiteko txondorra ikusgai egongo da, baita Mari Domingiren ortua ere. Dena den, ez dira bakarrik egongo; aukera egongo da euskal mitologiako beste pertsonaia batzuk ere ezagutzeko. Besteak beste, Basajaun, galtzagorriak, Tartalo eta Anbotoko Mari izango dira. Horrez gain, museoaren sarreran saski bat jarriko dute, Olentzerorentzako eta Mari Domingirentzako gutunak uzteko.
Astelehena ezkero dago zabalik Ibarraundi museoan prestatu duten etxea, eta abenduaren 23ra arte egongo da bisitatzeko aukera. Gaur arte, herriko ikastetxeetako haurrek goizez egin dituzte bisitak, baina bestela ere izango da bertara gerturatzeko beta. Gaur, egubakoitza, 15:00etatik 19:00etara egongo da zabalik. Bihartik eguaztenera, berriz, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Bisita egiteko, beharrezkoa izango da hitzordua hartzea. Horretarako hiru modu daude: kultura@eskoriatza.eus helbidera idatzita, 943 71 46 88 telefonora deituta edo Whatsapp bidez, 650 49 51 66 zenbakian. Bisita bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du eta gehienez sei laguneko taldeetan sartuko dira herritarrak. Haurrek, derrigorrez, heldu batekin joan beharko dute eta Udaletik eskatu dute, ahal dela, haurrentzako karrotxorik ez eramateko.
Horrez gain, erakusketaren inguruko ipuin bat idatzi du Miren Diaz de Gereñu eskoriatzarrak. Eskoriatzako Udaleko webgunean deskargatu daiteke, eta liburutegian hainbat ale daude, maileguan hartu ahal izateko.
Antzuolara, ordea, kamioi baten gainean iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi. Abenduaren 24an, 09:30ean, Beheko auzotik hasita, auzoz auzo joango dira herritarrak agurtzen. Hori dela eta, balkoietatik adi egoteko eskatu diete antzuolarrei.
Panpina lehiaketa
Elgetan, berezitasun moduan, Olentzero eta Mari Domingi panpina lehiaketa egingo dute. Edozein material eta itxurarekin egin daitezke panpinok. Lanak aurkezteko eguna datorren martitzena izango da, hilak 22, Espaloia kafe antzokian, 16:00etatik 18:00etara. Sariak egongo dira: lehenengoa, 80 eurokoa; bigarrena, 60 eurokoa; eta hirugarrena, 40koa. Gainera, aurkeztutako lanak erakusgai jarriko dituzte.
Horretaz aparte, hurrengo egunean, abenduaren 23an, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera egingo dute Espaloian. Aurten ez dira Intxortatik jaitsiko, eta zuzenean kafe antzokira joango dira. 16:00etatik 19:00rak arte egongo dira bertan. Adinaren arabera ordu tarte bat izango dute haurrek Espaloira gerturatu, Olentzero eta Mari Domingi ikusi eta gutuna uzteko. Gonbidapena izatea beharrezkoa izango da. Elgetako ume guztiek jasoko dute horrelako bat etxean, eta bertan zehaztuko diete zer ordutan joatea dagokien.
Aramaion zerbait egin daitekeen aztertzen ari dira, eta Leintz Gatzagan ez dago aurreikusita gisa horretako ekitaldirik.
Erregeak ere, moldaketekin
Olentzerori eta Mari Domingiri ez ezik, Errege Magoei ere eragin die pandemiak, eta moldatu egin behar izan dute euren urteroko bisita. Arrasaten, esaterako, Biteriko plazako karpan egingo diete harrera umeei, urtarrilaren 5ean, 18:00etatik 20:00etara. Bergaran ere ez da desfilerik egingo. Edozelan ere, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek agurra bidaliko diete, sare sozialen bitartez, Bergarako ume guztiei.