Bailarako ostalari askok itxita dituzte tabernak

Maialen Santos 2020ko abe. 18a, 11:17

Ezkerretik eskumara, Ezkibel, Etxagibel eta Olabarria.

Azken hamalau egunetako intzidentzia-tasa kontuan hartuta Arrasateko ostalaritza-establezimenduak ezin izan dituzte ireki. Aretxabaleta eta Eskoriatzako taberna eta jatetxeak itxita daude, gaurtik. Bestetik, ireki ahal izanda ere taberna itxita mantentzearen aldeko hautua egin duenik ere badago bailaran. Hiru herritako ostalarien bizipenak jaso ditu GOIENAk. 

Igor Ezkibel, Aretxabaletako Orly tabernako arduraduna

"Tabernak itxita izanda, datuek okerrera egiten jarraitu dute; beraz, argi dago errua ez dela ostalariena. Astelehenean ireki nuen taberna, horrek dakarren gastuekin, eta guztia martxan jarri orduko berriro behartu naute ixtera. Azken egunetako kutsatuak zaharren egoitzan hauteman dituzte; beraz, ez dut ulertzen zergatik itxi behar ditugun tabernak. Ez naiz errua eurei botatzen ari, agintariek jarraitzen dituzten irizpideei baizik. Hau jakingo banu, itxita mantenduko nuke taberna".

Aitor Etxagibel, Arrasateko Monte tabernako arduraduna

"Arrasateko azken egunetako intzidentzia-tasa ikusita, uste dut urtarril amaierara arte ez dudala taberna zabaltzerik izango. Larritzen hasita nago; izan ere, orain eta martxoan tabernak itxita izan ditugu, baina gainontzeko hilabeteak ere oso txarrak izan dira; ez da mugimendu handirik egon. Herriko jai garrantzitsuak ospatu ez izanak ere eragin dit. Bestalde, Gabonak izaten dira urteko sasoi onena, fakturazio altuena izaten dudana, baina aurten, ezin aprobetxatu".

Duni Olabarria, Bergarako Pol pol tabernako arduraduna

"Tabernak irekitzeko baimena izan arren, itxita jarraitzeko erabakia hartu nuen, uste dudalako tabernak irekitzea dirua galtzea dela, ez dabilelako jenderik. Hori gutxi balitz, taberna irekiko banu, langileak ERTEtik atera beharko nituzke, eta, beraz, diru-sarrerak urriak izanda ere soldatak ordaindu. Gainera, ateak berriz ixtekotan ezingo lirateke berriro ERTEra sartu; eta hori oso arriskatua dela uste dut. Ateak itxita izan arren, gastu finkoak ordaintzen jarraitzen dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak