SAIO BEREZIAK

'Puntua'-ren 'Suizidioa' azala, Tokikom sarietako azalik onena

Jone Olabarria 2020ko abe. 17a, 20:00

Goiena Komunikazio Taldeak argitaratzen duen Puntua aldizkariko Suizidioa azalak saria jaso du Tokikom Sariak 2020ko ekitaldian.  "Elementu gutxirekin asko iradokitzen duen azala" dela azpimarratu du epaimahaiak, "exekuzio bikaina" duena. 

Tokikom Sariak eman ditu gaur, bosgarren urtez jarraian, Toki Komunikabideen Bateraguneak. Sarion helburua da "toki komunikabideetan egiten den eta, sarritan, ezkutuan geratzen den kazetaritza lana aldarrikatu eta gizarteratzea". Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari eman zituen, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko.

Bukaera, "irekia"

Horien artean dago, hain zuzen, Puntua aldizkariko Suizidioa azala. Guaixe aldizkariaren Mozorratu zaitez gurekin eta Maxixatzen aldizkariaren Auzoa arnas azalekin batera izan zen finalista, eta epaimahaiak Puntua-ren azalari eman dio sari nagusia. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, "oso elementu gutxirekin eta era egokian konbinatuz, asko transmititzen eta iradokitzen duen azala da". Gaineratu dutenez, "ideia ona izateaz gain, exekuzioa ere bi-kaina da, eta emaitza oso dotorea, bolumenen konposizio orekatuarekin, eta soiltasuna erabiliz dramatismoa gehitzeko".

Era berean, Puntua-ko diseinuaren arduradun Iñaki Iturbek adierazi du ezaugarri aipagarriena dela "gaia zein den erakusten duela", baina, hala ere, "bukaera irekia" lagatzen duela: "Ez dakigu pertsona horrek zer egingo duen; izan ere, ikusten dugun pertsona horrek aukera du, oraindik, buelta eman eta atzera egiteko".

Ezohiko sari banaketa

Aurten, saio berezi bat ekoiztu dute sari banaketara begira, eta hainbat toki komunikabidetan jarraitu ahal izan da streaming bidez. Puntua-z gain, Anbotoren Zaldibar erreportaje bereziak jaso du edukirik onenaren saria, eta Baleikek eta Erlo Telebistak ekoiztutako Marea errotaren arrastoaren bila erreportajeak eraman du ikus-entzunezko onenaren saria.

Aurten lehenengoz banatu duten eta herritarren botoen bidez aukeratu den Komunitatearen sarian, Aiurri aldizkariaren #Bertsovid19 ikus-entzunezkoa izan da garaile.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak