Pixkana bada ere, euskal presoak hurbilduz doaz

Maialen Santos 2020ko abe. 14a, 12:12

Izan Bidea dinamikaren barruan egindako ekintzetako bat, Oñatin.

Etxerat-ek adierazi du "aldaketak" gertatu direla azken hilabeteetan, eta joera "ona" dela. Eskualdean, ETAko militante izandako lau preso daude; bi daude Euskal Herriko espetxeetan: Garikoitz Gartzia aretxabaletarra eta Joseba Arregi oñatiarra.

Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteak (Etxerat) azaldu du azken boladan aldaketa ugari gertatu direla presoei dagokienez. Debagoienean, zehazki, euskal presoen kopurua "jaitsi" egin dela zehaztu du Naike Diezek, Etxerateko Gipuzkoako bozeramaileak; azken hilabeteetan aske utzi dituztelako Xabin Usandizaga oñatiarra eta Josu Arkauz arrasatearra. Hori horrela, egun, bailarako lauk jarraitzen dute espetxean: Joseba Arregi oñatiarrak, Garikoitz Gartzia aretxabaletarrak, Alicia Saez de la Cuesta gatzagarrak eta Marixol Iparragirre eskoriatzarrak.

Hurbilketa ugari

Azken hilabeteetan 90 euskal preso lekualdatu dituzte espetxez, Diezek azaldu duenez: "Horietatik hamazortzi preso soilik gerturatu dituzte Euskal Herrira –tartean, Arregi eta Gartzia–. Beraz, sentsazioa gazi-gozoa da".

Egun, euskal presoen erdia Euskal Herritik 600 kilometro baino gehiagora dauden espetxeetan daude; eta, aldiz, %19, 400 eta 600 kilometro artean.

Hurbilketa gehiago egitearen beharra azpimarratu du bozeramaileak: "Zergatik gerturatzen dituzte batzuk Euskal Herrira? Eta zergatik beste batzuk ez? Zigorra presoei eurei ez ezik, senideei ere jartzen diete". Naike Diezek uste du aurrerantzean ere hurbilketa gehiago egin behar direla, eta ez hori bakarrik: gradu aldaketak ere bai. "Josu Arkauz arrasatearraren antzera, preso gehienak zigor ia osoa beteta ateratzen ari dira espetxetik orain", azaldu du. Ildo horretatik, Etxeratekoak nabarmendu du urte askoan Andaluzia izan dela "urruntze politikaren ikur", eta azken lekualdaketei esker bertako espetxeak "hustuz" doazela.

Joera "ona"

Etorkizunari buruz galdetuta, esan du ez dakiela aldaketa gehiago etorriko diren: "Etxeraten ere hedabideetatik jasotzen dugu lekualdaketen berri". Gaineratu du "joera" ona dela, eta "itxaropena" badutela ibilbidea hobetuz joateko: "Euskal gizarteak lan egin du presoen hurbilketarako". Haren hitzetan, esaterako, Sare "asmatzen ari da" aurrera eramaten ari diren dinamikekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak