Angel Telleria euskal presoa Kantabriara, El Duesoko espetxera gerturatuko dute

Txomin Madina Milikua 2020ko abe. 11a, 21:55

Iazko abenduan euskal presoen alde Oñatin egindako elkarretaratzea.

Jaiotzez oñatiarra den presoa Madrilen, Estremerako kartzelan dago orain. 2017ko otsaila amaieran atxilotu zuten Mexikon, 1981eko Maria Josefa Garcia poliziaren hilketa leporatuta. Telleriarekin batera beste bost euskal preso ere gerturatuko dituzte.

Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri dutenez, beste sei euskal preso mugituko dituzte egun dauden espetxeetatik: horietako bost, tartean jaiotzez oñatiarra den Angel Telleria, Euskal Herri inguruko kartzeletara gerturatuko dituzte; eta seigarrena, Karlos Apeztegia, Iruñekora eramango dute.  Madrilen dagoen Estremerako espetxetik Kantabrian dagoen El Duesora eramango dute Telleria.

1980ko hamarkadaz geroztik Mexikora ihes egindakoa, 64 urte dituen Angel Telleria Uriarte 2017ko otsaila amaieran atxilotu zuten Mexikon bertan, 1981an Maria Josefa Garcia polizia hil izana egotzita. Mexikon atxilotu zutenean aste gutxi geratzen ziren leporatzen zitzaizkion delituak preskribitzeko. Egun 30 urteko zigorra ari da betetzen eta kartzelaz aldatzeaz gain, bigarren gradua ere emango diote.

Telleriaren senideek Goienari azaldu diotenez Etxeraten bidez jakin dute kartzelaz aldatuko zutela, nahiz eta ez dakiten noiz gauzatuko den leku-aldatzea. Albiste "ona" dela nabarmendu dute, eta "lasaigarria" dela etxetik gertuago izatea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak