Tokiko erosketak sekula baino beharrezkoagoak izango dira aurten

Maialen Santos 2020ko abe. 11a, 11:24

Pandemiak gehien kolpatu dituenen artean daude ostalari eta dendariak; eta aurten laguntza handikoak izango zaizkie herritarren erosketak. Dendari elkarteek zozketa eta lehiaketak jarri dituzte martxan, eta udalak ere ahalegin berezia egiten ari dira.

Gabonak ate-joka daude dagoeneko, eta horiekin batera gerturatzen ari da herrietako komertzio txiki eta ostalaritzaestablezimenduentzako –tartean, dendak eta tabernak– urteko sasoirik onena izaten dena.

Koronabirusaren pandemiak baldintzatutako ezohiko Gabonak izango dira aurtengoak, eta ospakizunak ere ezingo dira ohi moduan egin. Hala eta guztiz ere, desberdin izan arren, egun berezietako ospakizunak mantenduko dituzte askok, eta, hori horrela, otorduak egiteko jateko eta edatekoak zein opariak erosten hasiak dira debagoiendarrak.

Bultzada beharra

Dendari eta merkatariek eta, oro har, herritarrek aitortu dute urte zaila bizi dutela, eta "garai zailak" bizitzen ari direla oraindik ere. Hori aintzat hartuta, aurten tokian erostea inoiz baino garrantzitsuagoa dela sinetsita daude asko eta asko, eta horretan lagunduko dute urtero sasoi honetan diren Gabonetako azokek.

Nerea Etxeandia Aretxabaletako Aretxarte dendarien elkarteko kideak azaldu du oraindik geratzen dela jendeak herrian erosteko "kontzientzia" har dezan: "Uste dut Aretxabaletan denetik dagoela; gehiena bai, behintzat. Eta hori horrela mantendu gura badugu, saiatu egin beharko dugu". Hori ez ezik, uste du herrian erosteak ez duela esfortzu handirik eskatzen: "Merkatariekin enpatizatzeko eskatzen diet herritarrei". Are gehiago, azaldu du tokian erosketak eginda herriak "bizia" irabazten duela: "Tabernak itxita egon diren honetan herriak bizia galdu du, nolabait, baina jendea erosketetan aritzeak berpiztu egiten du hori".

Nerea Etxeandia, Aretxarte: "Jendea erosketak egiten aritzeak berpiztu egiten du herriko bizia"

Bergarako Bedelkar elkarteko kidea eta dendaria da Maitane Azkarate, eta berak uste du "beti" dela garrantzitsua tokian erostea, "tokiko komertzioa guztiz galdu ez dadin". Bere hitzetan, aurtengo egoera zaila ikusita jendea hasia da herrian gehiago erosten: "Izan daiteke ezin garelako herritik irten, edo jendeak, beste barik, kontzientzia hartu duelako. Igartzen dugu bultzada". Badira urte batzuk online erosketak indarra hartzen hasi zirela, eta horiek "kaltegarri" dira herriko merkatarientzat. "Internet hor dago duela urte batzuetatik, eta geroz eta errazagoa da bertatik erosketak egitea. Online erosketa-denda handietako banatzaileak ikusten ditut gelditu barik", zehaztu du Etxeandiak. Eta aitortu du herriko norbait "bidean" geratzearen beldur dela: "Komertzioak pixkanaka ari dira aurrera egiten, baina tabernak ikusiko da nola ari diren zabaltzen dituztenean".

Maitane Azkarate, Bedelkar: "Jendea hasia da kontzientzia hartzen eta herrian erosten"

Bestetik, Aldundiak eguazten honetan jarri du martxan Etxekoak kanpaina, "produktu lokalen kontsumoa bultzatzea helburu". Gipuzkoako lau baserritar dira kanpainako protagonistak, eta eskatu dute aurtengo Gabonetan mahaiko produktuak "bertakoak" izan daitezela: "Era horretan, Gipuzkoako lehen sektorekoen lanari bultzada ematen eta ekoizpen jasangarriaren alde egiten ariko zarete".

Bonuen kanpainak, aktibo

Bailarako herri ia guztietan jarri dituzte martxan erosketabonuen kanpainak. Herri batzuetan konfinamendu garaian komertzioak laguntzeko helburuarekin jarri zituzten, eta, arrakasta ikusita, bigarren edota hirugarren kanpaina bat ere abiatu dute, bonu gehiagorekin.

Unai Kortabarria, Oñatiko Udala: "Itxita egon diren komertzioei aukera bat eman diete erosketa bonuek"

Unai Kortabarria Oñatiko Udaleko Sozioekonomia teknikariak adierazi duenez, itxita egon diren establezimenduei diru-sarrera batzuk izateko "aukera eskaintzea" da erosketa bonuek betetzen duten funtzio nagusia. Hori bakarrik ez: herritarrek ere badute abantailez gozatzeko aukera; bonu horiek diruz laguntzen baitituzte udalek, erosleentzat merkatuz. Arrasateko Udalak adierazi du "esfortzu berezia" egiten ari direla sektore zaurgarrienak laguntzeko, "dendari eta ostalariak izan direlako pandemiaren eraginaren ondorioz kaltetuenetako aktibitateak". Hori horrela, kanpoan erosteko ohiturari "buelta bat" eman diotela adierazi dute, eta herrian erosteko ohitura errekuperatzen lagundu. Erosketa bonuek izandako harrera oso ona izan da: "Dendari askok zoriondu dute ekintza eta herritarrek eskertu egin dute ekimena".

Anuska Ezkurra, Arrasateko Udala: "Esfortzu berezia egiten ari gara zaurgarrienak laguntzeko"


Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak Bono Denda izeneko kanpaina ere jarri zuen martxan. Hala, hamar euroko deskontua zuten 966.250 bonu jarri zituzten eskuragarri; 500.000 merkataritzara zuzenduta eta 466.250 turismo eta ostalaritzara bideratuta. 3.000 denda inguru atxikitu ziren kanpaina horretara EAEn; horietatik %39 Gipuzkoan.

Inbertsioa argiterian eta bonuetan

  ARGIAK BONUAK
ARRASATE 38.671 € 150.460 €
BERGARA 16.000 € 120.000 €
OÑATI 14.430 € 110.000 €
ARETXABALETA 8.000 € 10.000 €
ESKORIATZA 1.880 € 15.000 €
ANTZUOLA 0 € 0 €
ARAMAIO 0 € 0 €
ELGETA 0 € 0 €
LEINTZ GATZAGA 0 € 0 € 
GUZTIRA 78.981 € 405.460 €

Oharra: Bonoetako inbertsioa azken kanpainakoa da

Zozketa ugari

Maitane Azkaratek azaldu du Bedelkartik urtero "aktibatzen" dela Gabonei begirako kanpaina bat: "Iaz, tren bat aritu zen herrian bueltaka, eta horretan ibiltzeko txartelak banatu zituzten dendetan. Aurten, horrelakorik ezin dugu egin". Horren ordez, zozketa bat jarri dute martxan. Bedelkar txartelarekin izango da parte hartzeko aukera, abenduaren 4tik 30era. Pazko-loreak, turroi-sortak eta ileapaindegi zerbitzuak zozketatuko dituzte. Horretaz gain, 200 euroko hiru sari ere zozketatuko dituzte. Herriko komertzioren batean egiten den erosketa bakoitzeko parte-hartze bat izango da, eta urtarrilaren 9an egingo dute zozketa.

Aretxarteren kasuan, bestetik, komertzio eta ostalaritza-establezimenduetan egindako erosketa edo kontsumizio bakoitzeko zigilu bat banatuko dute, eta halako sei lortzean zozketa batean har daiteke parte. Hori gutxi balitz, urtero legez, datorren urteko egutegia jarriko dute aretxabaletarren esku, Nerea Etxeandiak azaldu duenez: "Urtero agertzen dira Aretxarteko kideak horretan, baina aurten ezin izan dugu era horretan egin, eta paisaiak izango dira nagusi". Azpimarratu du egutegia urte amaiera aurretik oparituko dutela dendetan. "Zenbaki handiak izaten ditu, eta herriko jai guztiak markatuta ere bai", dio.

Arrasateko Ibai-arte elkarteko Jon Apraizek azaldu du Gabonetako otarreen zozketa martxan dutela, eta hainbat modu daudela horien zozketan parte hartu ahal izateko: erosketak eginda, elkarteko webgunearen bitartez zein sare sozialetatik. Abenduaren 19an egingo dute zozketa. Horretaz gain, Udalak Biteri plazan jarri duen Gabonetako karpa baliatuko dute ekitaldi eta ikuskizunak aurrera eramateko.

Oñatiko Txanda elkartean ere hainbat ekimen dituzte martxan, Mari Paz Mancerasek azaldu duenez. Elkarteko komertzio batean erostean sariak irabazteko aukera ahalbidetu dute; izan ere, abenduaren 28an, merkatari bakoitzak zozketa bidez bezero bat hautatuko du, horrek globo bat ziztatu eta barruko saria irabazi dezan. Erosketa bakoitzeko zigilu bat ere ari dira ematen, eta hamar elkartzean termo bat ematen dute opari.

Argiteria eta musika ere bai

Gabon kantak eta argiak ez dira faltako aurten ere, eta Debagoieneko herri ia guztietan piztuko dituzte horiek. Aretxabaletan azaroaren 27az geroztik daude piztuta, eta, bereziki, Herriko Plaza eta Mitarte eta Durana kaleak argiztatu dituzte. Eskoriatzako herrigunean zein elizateetan joan den egubakoitz iluntzean piztu zituzten argiak, bestetik. Arrasaten ere egun bera aukeratu zuten, Udalak argi baitzuen aurten "bereziki" argiak jarri behar direla: "Helburua da Gabon argiekin kaleak biziaraztea; are gehiago, pandemiak eragindako une zail hauetan. Eta herriko saltokietan erosketak sustatzea".

Bergaran, ostera, astelehenean piztu dituzte argiak, eta ohi baino egun gehiagoz mantenduko dituzte hala; zehazki, urtarrilaren 21era arte. Oñatiarrek, bestetik, abenduaren 17ra itxaron beharko dute herrian zehar argiak piztuta ikusi ahal izateko. Antzuolan, asteburu honetan jarriko dituzte argiak udaletxeko balkoian eta Herriko Plazako haritzean. Elgetaren kasuan, azken urteetan moduan, udaletxeko balkoiko barandan argi batzuk jarriko dituzte, abenduaren 22tik aurrera. Leintz Gatzagan, udaletxean eta inguruetan jarriko dituzte argiak, iazko berak. Aramaion, azkenik, ez dute argirik jarriko.

Erakusleiho lehiaketak martxan

Argiteriarekin bat, erakusleihoak ere apainduko dituzte zenbait dendari debagoiendarrek. Hain zuzen, udalek eta dendarien elkarteek elkarlanean jarri dituzte martxan urteroko Gabonetan toki berezia izaten duten erakusleiho lehiaketak. Bergaran, astelehen honetarako atondu behar ziren erakusleihoak, eta lehiaketan parte-hartzeko bihar arteko epea dute merkatariek.

Arrasaten ere martxan da lehiaketa. Herritarrek botoa emateko aukera dute dagoeneko, abenduaren 18ra arte. Aurtengo berrikuntzak laugarren sari bat eta haur eta gazteen saria izango dira.

Oñatin ere ari dira erakusleihoak apaintzen lanean, eta herritarrek telematikoki eman beharko dute botoa, udal webgunean. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu, eta abenduaren 18an izango da hori.

Aretxabaletako spota, grabatuta

Azaroaren 29an grabatu zuten Aretxabaletako aurtengo Gabonetako spota: Bizipoza ez dusku inork eruengo! AZ Visual Mediako kideak eta Aretxarteko Merkatari Elkartekoak herritarren laguntzarekin batera aritu ziren. Durana kalea plato bihurtu zuten grabaketak egiteko. Beste urte batzuetan moduan, Kepa Errasti aktore aretxabaletarra izan zen iragarkiko protagonista merkatariekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak