Kalitatezko zaintza bermatzea eskatu dute

Imanol Beloki Unamuno 2020ko abe. 11a, 10:41

Eguenean Arrasateko udaletxe aurrean batutakoak, adinekoen egoitzetako langileentzako lan baldintza duinak eskatzeko

ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileentzako lan baldintza duinak eskatu dituzte. Horrekin batera, Gipuzkoako egoitzetan ongizatea indartzeko eta komunitate-laguntza areagotzeko Goxatu plana jarri du abian Aldundiak.

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langile ugari batu dira ELA eta LAB sindikatuek deitutako mobilizazioetara. Gipuzkoako Diputazioari "hamar urte luzez blokeatuta" dagoen lan ituna berritzeko eskatu diote bi sindikatuek. Horrekin batera, langileen lan baldintzak hobetzea, lan kargak jaistea eta ratioak hobetzea aldarrikatu dute. "2017tik berritu gabe dauzkagu gure lan baldintzak eta azken bi urte hauetan kalean gaude, greba eta mobilizazio ezberdinak egiten. Gipuzkoako adinekoen egoitzetako sektorea %90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako sektorea da eta bertan 5.000 bat langilek dihardute lanean, gehienak emakumeak, beste zaintza sektoreen moduan. Zerbitzu publiko bat izanik, langileen gehiengoa azpikontratatuta dago, gehienetan irabazi asmoak dituzten enpresa eta multinazionalen esku. Eredu honek lan baldintza prekarioetan lan egitera eramaten ditu. Gainera, adineko pertsonek kalitatezko zaintza bat izan dezaten bermatuko dituen ratioetatik oso urruti daude, eta egunero langileek jasan behar dituzten lan kargak jasanezinak dira. Pandemiaren eraginez, are okerragoak. Horregatik, Arrasateko Udaleko alkateari herrian dauden egoitza eta eguneko zentroetako langileen aldarrikapenak kontuan hartu eta gatazka honen konponbidean pauso bat eman dezala eskatzen diogu ELAk eta LABek. Horretarako, eskatzen diogu diputatu nagusi Markel Olano jaunari Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentroen gatazkari benetako konponbidea emateko", adierazi dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.

"DENBORA LUZEZ BLOKEATUTA DAUDEN HITZARMENAK" BERRITZEA ESKATU DUTE SINDIKATUEK

Atzo bezala, gaur ere batuko dira adinekoen egoitzetako langileak eta sindikatuetako ordezkariak, Arrasateko eta Bergarako udaletxeen aurrean, 11:30ean.

'Goxatu' programa

Gipuzkoako egoitzetan ongizatea indartzeko eta komunitate-laguntza areagotzeko abian jarritako programaren berri ere eman zuten atzo, eguena, Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak esan zuenez, kultur jarduerak eta ratioak areagotzearen helburua egoiliarren "bizi kalitatea eta ongizate psikoemozionala ahalik eta gehien babestea" da. "Adinekoen ongizatea hobetzen jarraitu nahi dugu, gertutasuna oinarri hartuta eta eragile sozial eta komunitarioekin elkarlanean". Gogorarazi zuenez, gure artean dagoeneko bederatzi hilabete daraman pandemiaren esparruan, "egoitzetan gero eta bizitza normalizatuago baterantz aurrera egiteko funtsezkoa" da kultura, musika eta harreman jarduerak bultzatzea, bai eta boluntarioen eta ingurune komunitarioaren inplikazioa ere.

Ratioak handitu

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, berriz, zehaztasun gehiago eman zituen Goxatu planaren bueltan. "Fisioterapian, laguntza psikosozialean eta terapia okupazionalean ratioak handitzeak "nabarmen lagunduko du pandemiaren ondorioak arintzen eta ongizate fisikoa eta emozionala sustatzen. Horretarako, erabiltzaile bakoitzeko ratioak bikoiztu egin ditugu".

Gogorarazi zuen "beste neurri garrantzitsuenetako bat, eta inpaktu handieneko bat duena, egoitzetan arreta ratioak handitzea" dela, "% 9,2ko batez besteko hazkundearekin", joan den astean Batzar Nagusietan iragarri zuen bezala. Hau da, fisioterapia, laguntza psikosozial eta terapia okupazionaleko zerbitzuak areagotzeaz gain, erabiltzaile bakoitzak 18 minutu gehiago izango ditu egunean zuzeneko arretan.

Foru Aldundiak egiten duen beste apustu "indartsu" bat harremanen eremuari buruzkoa da; horretarako, egoiliarrek familiekin duten harremana indartu da, bisitak eta irteerak areagotuz. Bisitei dagokienez, eta Eusko Jaurlaritzaren eta hiru aldundien artean adostutakoa oinarri hartuta, bi pertsonak parte hartu ahal izango dute aldi berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak