Euskaraldiak eta Egunean behin joko aplikazioak bat eginda, ariketa bat proposatu zuten joan den asterako; astelehenean, hilak 23, hasi eta domekara arte, Euskaraldian behin lehiaketa izan zuten martxan. Horretarako, Euskal Herri osoan 22 lehiagune sortu zituzten, eta tartean zegoen Debagoienekoa, 200 partaide ingururekin. Iragarri dute jada zeintzuk izan diren irabazleak, eta bailarakoa Txomin Madina Goienako lankidea izan da.
Egunean behin-en bigarren denboraldian "kateatu" zen Madina joko horretara, eta, ordutik, egunero saiatzen da jokatzen. Iluntze partean, normalean. Euskaraldian behin ariketaren berri izan zuenean, batzea erabaki zuen, ekimen "polita" iruditu baitzitzaion: "Euskaraldian parte hartzeko beste modu bat ere bada; babes puntu bat adierazteko era bat".
Gaur-gaurkoz, Egunean behin-eko lau taldetan dago sartuta Madina: kuadrillakoan, lanekoan, Oñatikoan eta Euskaraldiko Debagoieneko lehiagunean. Orokorrean nahiko emaitza onak lortzen dituen arren, "sorpresaz" hartu du bailarako sailkapenean lehen postuan gelditzea.
Dena den, gainerakoekin daukan lehia baino gehiago, Egunean behin bere buruari jartzen dion erronka bat da. "Partida txar bat egitean, neure buruarekin haserretzen naiz, ikusten dudalako non dauden nire gabeziak", aitortu du. Gehien kostatzen zaizkion gaiak, hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko kontuak dira, baita txoriak, perretxikoak, margolariak eta matematika ere. Geografian eta kultura orokorrean, berriz, nahiko fin aritzen dela adierazi du. Denborarekin "trukoak" hartzen joan dela nabarmendu du. Euskaraldian behin-eko Debagoieneko irabazlea izanda lehiatuko da aurrerantzean.
Arrakasta eta sariak
Egunean behin jokoa CodeSyntax-ek garatzen du, eta enpresa horretako kidea da Bittor Poza bergararra. Azaldu duenez, Euskaraldia jomugan izanda, eskualdeetara gerturatzeko ekimen bat prestatu zuten ariketaren antolatzaileekin batera: "Euskaraldian jarduteko zailtasunak egon zitezkeela ikusita, euskararekiko gerturatzeko bide gisa ikusi genuen lehiaketa".
Espero baino harrera hobea izan duela adierazi du, eta, orokorrean, oso gustura daude Egunean behin lortzen ari den emaitzekin. Izaten ari den arrakastaren erakusgarrietako bat da bosgarren denboraldian doazela jada. Horrez gain, joan den astean Rikardo Arregi saria jaso zuen CodeSyntaxek, jokoarekin egindako lanarekin. "Ez genuen espero, eta bultzada bat da guretzat", adierazi du Pozak.