Euskaraz idatzitako XVI. mendeko amodiozko bi poema aurkitu dituzte Gipuzkoako Artxibo Historikoan

Jone Olabarria 2020ko abe. 3a, 11:29

Oñatin dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan  euskaraz idatzitako maitasunezko bi olerki aurkitu dituztela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. XVI. mendekoak, 1515. urte ingurukoak, direla zehaztu dute eta Euskal literaturan agertzen den idatzizko lehen poema dela adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Azkoititik zetorren notario protokolo batean aurkitutako poemak direla azaldu du Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatuak. Koldo Mitxelena kulturguneko ikerketa gelan egindako prentsaurrekoan eman dute aurkikuntzaren berri eta azaldu dutenez "zorioneko karanbola" izan da testuak gaur egun arte kontserbatu izana: "Poemak dituen dokumentua testamentu eskritura baten koardenotxoaren estalki gisa erabili zen eta horrela egun arte iristea lortu du. Idazkiak izatez ez ziren sortu kontserbatu behar zen testu batean".

Euskarazko jatorrizko poemarik zaharrenak izan daitezkeela zehaztu du Millanek, 1515. urte ingurukoak. Rosa Aierbe ikertzaileak Gipuzkoako Artxibo Historikoan egindako eskaera batek ahalbidetu du idazkiak aurkitzea: "Notario-formulario motako idazki baten inguruan euskaraz idatzitako hitz batzuen presentziak ikertzailearen arreta piztu zuen, eta hala artxiboren esku utzi zuen ikerketa".

Dokumentua lehenengoz ikustean "frustrazio moduko bat" izan zutela azaldu du ikerketa taldeko kide Ander Ros Cubas filologoak: "ezin ziren irakurri, baina patxadaz eta elkarlanari esker azkenean lortu dugu gehien gehiena irakurtzea".Aitortu dute, testuak "zailtasun handiak" dituela: "Dokumentua notario dokumentuen babes fisikorako erabili izanak eta euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu batek uzten dituen zirrikituen artean idatzita egoteak zailtasun handia gehitu du interpretaziorako, idatzien antzinatasunaz gain. Idazkera moldea gotiko kurtsiboa da, eta horrek zailtasuna gehitzen du, hainbat letra oso antzerakoak dira eta hortaz, zailak bereizten. Arazoak arazo "gehiena irakur eta uler" daitekeela zehaztu dute, nahiz eta oraindik testuak "ikerketa sakon bat" eskatzen duen behin betiko generoaren identifikazioa egin ahal izateko".

Aurretik ere "tradizio luzea"

Hasiera batean gutunak zirela uste zutela azaldu dute, "ez baitu poema egiturarik": "Ezezaguna den egilea damutu egin zen, zirriborro bat egin eta bigarren poema batekin hasi zela ikus daiteke". Zehaztu dute ez  dela gorde hauek baino poema zaharragorik, baina horrek ez duela esan nahi idatzitako lehenak direnik: "Erraz ikus daiteke honen aurretik bazela tradizio luze bat, eta hau ez zela zerotik abiatu. Egileak orduko lirikako elementuak baliatzen ditu baina, modu nahiko inkoherentean". Euskararen ikuspuntutik "balio handia" du eta hizkuntzaren aldetik dena da interesgarria: "ikusten da hizkuntza finkatu samarra dagoela etaa hortaz bazela tradizioa euskaraz idazten".

Poemaren transkripzioa

Ene laztan gozo ederra...euskara arkaikoko maitasun poemen bi zirriborroak hemen, Gipuzkoako dialektoaren ezaugarriekin. Bukatu gabeko testua, idatzia ertzetan eta idazketa-lerroen artean dagoela:

Ene laztan gozo ederra

penaz penaçen naçu.  

Orreyn culez ninduçula

Nola amora nençaçun

ori escuan ezpata?

 Çeure escuoz naraçu

andicoz eta ebeticoz

Barcaçio diqueçut ezcutaria,

usatu eztet arma guiza erayten

lecobidi guiçon gaztea

 Amore minez penaçen

olloa lumaz estari

ni amorez yçerdi

ene barco negarretan

çaldiac  [ag]ueri leyara

Niri [j]uan çatan neure amorea

leena [on]ezquero

oy [d]aducat neure vioçean barruna.

Egun] bat/ean ni/joeala

--------------------------

Goyçean goyçic jagui ninçan, astean egun batean, astean egun batean, da asteleen goyçean neure laztan velagay au[si] çequidan arrean neurc nay eneban vian, çeonçan aldean colpe andiac  jo nenguian, vioçonen erdian.

Elizara vanijoean, colpea[u] ar neçanean Velaurico jarri ninçan, alderean aurrean neure vecatuaz confesatu, eguin [n]eba[n] bequela penetençia eman çidan, vide nevan bequela.

 Vitarteco em[en] ni[a]gon

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak