Atzo egindako probek 33 positibo baieztatu dituzte bailaran

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 2a, 13:10

Osasun Sailaren semaforoaren sisteman, Arrasate da EAEn intzidentzia tasa altuena duen herria; eta aldea nabarmena da. 1.532,32koa da Arrasateko datua, eta atzetik ditu Eibar (906,56), Bergara (859,77) eta Ermua (760,65).

Atzo egindako PCR eta antigeno probek 21 kasu atzeman zituzten Arrasaten, bost Bergaran, lau Eskoriatzan, bi Oñatin eta bat Antzuolan. Hala, Debagoieneko datu metatua 3.787koa da.

Bestetik, aurreratu bezala, intzidentzia datuei erreparatuta, Arrasate da gorriz markatutako herrien artean zenbateko altuena duena; eta Bergara da erkidegoko hirugarrena. Hurrengo mapan daude bailarako herri guztietako datuak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

112 heriotza astebetean

Gaur jakinarazi dituzte Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuak azken astean zendutakoen datuak. Guztira, azaroaren 23tik 29ra bitartean, 112 pertsona hil dira (81 EAEn eta 31 Nafarroan). Hala, pandemia hasi zenetik, azken datuak kontuan hartuta, 3.581 heriotza erregistratu dira Hego Euskal Herrian.

Datuei dagokienez, atzo egindako proben %6,3k eman du emaitza positiboa EAEn eta %3,7k Nafarroan; EAEn igo egin da ehunekoa, azken egunetakoarekin alderatuta. Hala, Hego Euskal Herrian, 10.690 antigeno eta PCR probatatik 629 positibo baieztatu dituzte. Lurraldeka, 257 izan dira Bizkaian atzemandakoak, 195 Gipuzkoakoak, 101 Arabakoak, 65 Nafarroakoak eta hamaika bestelako lurraldeetan hautemandakoak.

Erietxeetako egoerari erreparatuta, berriz, atzo 47 lagun ospitaleratu zituzten, eta azken datuen arabera, 662 pertsona daude ingresatuta; horietatik 160 ZIUn.

Erkidegoak, Gabonei begira

Gabonetako ospakizunei dagokienez, gaur arratsaldean egingo den Lurralde Arteko Kontseiluan argituko da ea LABIk aurkeztutako asmoak indarrean jarri ahalko diren edo ez. Zehazki, Espainiako Ministerioak proposatutako txostena aztertuko dute gaur erkidegoek.

Bestetik, txertoari dagokionez, Legebiltzarrean egindako agerraldian, Sagardui Osasuneko sailburuak adierazi du ziurgabetasuna "handia" dela oraindik, eta ezin dela jakin zein izango den EAEn jarriko den txertoa: "Momentu honetan, txertorik onena prebentzioa da".

Horrez gain, ostalaritzaren egoeraz ere galdetu diote sailburuari eta azaldu du egoera bere horretan mantenduko dela hilaren 9an egingo den LABIren bilerara arte, behintzat.

"Ez ditugu nahastu behar bilakaera on bat eta egoera on bat: ondo goaz, baina ez gaude ondo", errepikatu du Sagarduik. Adierazle guztietan "beheranzko joera" nabarmendu daitekeela esan du sailburuak, baina oinarrizko birsorkuntza datuak gora egin duela gehitu nahi izan du Berraondo sailburuordeak. Bestalde, kutsatze kopurua "altua" dela onartu dute biek, eta hortaz, "neurriak irmoki betetzea" beharrezkoa dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak