Hogei urte bete ditu Goiena aldizkariak

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko abe. 1a, 08:11

Debagoieneko astekaria 2000. urteko abenduaren 1ean jaio zen Goienkaria izenarekin. Hogei urte hauetan, aldaketa ugari izan ditu Goiena Komunikazio Taldearen paperekoak, horien artean izena bera edota diseinua. 

Goienkaria-ren hasierako bereizgarri nagusia eskualde osorako astekaria izatea izan zen. Izan ere, orduan baziren eskualdean herri aldizkariak –Arrasate Press, Berrigara, Kontzejupetik, Aretxagazeta, Ze barri?, Goibekokale…–, baina ez bailara osorako papereko euskarririk.

Sorreran, 24 orriko egunkari itxurako astekaria zen Goienkaria, eta Debagoieneko gainerako herri aldizkariekin batera –zeuden tokietan– edo bakarrik banatzen zen. Egubakoitza izan zen 2000. urteko abenduaren 1a eta ordutik ez da banaketa eguna aldatu. Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan etxez etxe banatzen da aldizkaria astero-astero, doan. 

20 urte, hamaika aldaketa

Aldizkariaren izen aldaketa izango da ziurrenik herritarrek gehien gogoratzen dutena, baina asko izan dira hogei urteko ibilbidean egindako moldaketa eta gaurkotzeak.

2001eko urriaren 19an etorri zen lehen aldaketa: Debagoieneko herri aldizkariak itxura eta formatuz aldatu ziren, denak asteroko bihurtu ziren eta Goienkaria-ren gehigarri bihurtu ziren. Goienkaria-k eskualde osoko informazioa jorratzen zuen, denentzako komuna zena, eta herri aldizkariek, bestalde, herriko informazioa, lau edizio ezberdinetan: Arrasate –Aramaiorekin–, Bergara –Antzuola eta Elgetarekin–, Oñati, eta, Aretxabaleta –Eskoriatza eta Leintz Gatzagarekin–.

2003ko abenduaren 22an, egubakoitzeko aldizkaria sortu eta hiru urtera, Asteleheneko Goienkaria jaio zen. Astelehenekoak asteburuko gertakarien berri zekarren 32 orrialdetan. Honenbestez, Goienkaria bi egunetan banatzen hasi zen: egubakoitzetan eta astelehenetan. 2014ko abendura arte iraun zuen modu horretan. 

2006ko otsailaren 6an egubakoitzeko aldizkariak aldaketa berri bat izan zuen. Ordura arteko lau edizioak alde batera utzi eta bailara osorako Goienkaria jaio zen. 56 orrikoa, eskualdeko informazioa eta herriz herrikoa uztartzen zituena. Gaur egun ezaguna den formatu beretsuan.

Goiena Komunikazio Taldearen 10. urteurrenean, Goienkaria-k izena aldatu zuen: Goiena aldizkaria

2010eko azaroan, duela hamar urte, egin zen izen aldaketa. Goiena Komunikazio Taldearen 10. urteurrena ospatzearekin batera, Goienkaria-k –egubakoitzekoak zein astelehenekoak– izena aldatu zuen: Goiena aldizkaria. Hala, komunikazio taldearen eta honen beste hedabide nagusien –Goiena telebista eta Goiena.eus– izen bera hartuz. Izenen bateratze horrez gain, aldizkariak diseinua ere berritu zuen.

2015ean jaio zen Puntua, Asteleheneko Goiena ordezkatuz

2015eko urtarrilaren 16an, Puntua aldizkaria jaio zen. Asteleheneko Goiena ordezkatzera zetorrena. Goitik beherako aldaketa ekarri zuen, aurrekoaren guztiz ezberdina zen Puntua: egunkari itxura alde batera utzi eta aldizkari formatua hartu zuen; papera bera ere aldatu zitzaion, baina bereziki edukian egin ziren aldaketa esanguratsuenak. Astelehenetakoa batez ere asteburuari, gaurkotasunari, lotutako astekaria zen; Puntua aldizkariak  beste estilo bat ekarri zuen. Patxadaz irakurtzeko edukiak, erreportaje landuak, interes anitzeko gaiak... Hala, egunkarien asteburuetako ohiko aldizkarietatik gertuago kokatzen zen eta egubakoitzetan banatzen hasi zen.

Gaur egun, hortaz, bi papereko banatzen ditu Goiena Komunikazio Taldeak astero, biak ere egubakoitzean, etxerik etxe: batetik, Goiena aldizkaria, doan, 19.000 etxetara; bestetik, Puntua, ordainpekoa, 4.000 etxetara.

Debagoienean, erreferente

Bailaran zabalkunde handiena duen hedabidea da Goiena aldizkaria; 36.000 irakurle ditu astero. Beste hedabide batzuen audientziak, esaterako, honakoak dira Debagoienean, CIES datuen arabera: ETB2k, 18.000 ikus-entzule ditu egunero eta El Diario Vasco-k, 13.000 irakurle egunero. Goiena telebistak, 10.000 ikus-entzule ditu egunero eta Goiena.eus-ek 13.000 bisita egunero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak