44 kasu atzeman dira bailaran; horietatik 31, Arrasaten

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 25a, 13:10

Atzo egindako PCR probek 31 kasu baieztatu dituzte Arrasaten, sei Bergaran, hiru Oñatin, bi Eskoriatzan eta bana Aramaion eta Aretxabaletan. Dagoeneko, Osasun Sailaren datuak oinarri hartuta, 3.531 dira COVID-19a hartu duten debagoiendarrak.

Herenegun erregistratutakoak baino bi gehiago dira atzoko kasuak, baina udalerri batzuetan, gorakada apaltzen ari dela ikus daiteke; adibidez, Oñatin, Aretxabaletan edota Antzuolan. Honako grafiko honetan islatzen da metatutako datuek duten joera:

Bestetik, atzo jasotako datuak daude mapa honetan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

97 hildako EAEn

Azaroaren 16tik 22ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, Jaurlaritzak jakinarazi du 97 pertsona hil direla EAEn. Horrenbestez –eta Nafarroan atzo erregistratutako bi heriotzak batuta– martxotik hona, 3.297 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian.

Atzoko positiboei dagokienez, 15,251 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta %5,6k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %3,6k Nafarroan; 799 kasu berri hauteman ziren, hain zuzen ere. Horietatik, 305 izan ziren Bizkaikoak, 275 Gipuzkoakoak, 106 Nafarroakoak, 101 Arabakoak eta hamabi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak. Eta R0 datuari erreparatuta, 0,82koa erregistratu zen Araban eta 0,75ekoa Gipuzkoan.

Ospitaleetan, berriz, 763 lagun daude ingresatuta, eta horietatik 181 daude ZIUn. Atzo ospitaleratutakoak, aldiz, 67 izan ziren.

Gabonak eta txertaketa, berbagai

Egoera epidemiologikoaren bilakaeraz eta hartu beharreko neurriez hitz egiteko batzordeak eskatutako agerraldia egin du Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Legebiltzarrean. Sagarduiren arabera, aste honetan, pandemiaren bilakaera "oso ona" dela baieztatu dute datuek: "Zuhurrak bezain baikorrak izateko unea da". Iñaki Berraondo sailburuordeak ere bide horri jarraitu dio eta esan du positiboei eta ospitaleratzeei dagokienez, beheranzko joera dela nagusi, eta datozen egunetan ere hala izango dela.

Bestetik, Gabonen eta txertaketaren inguruan, sailburuak adierazi du "zuhurtziaz" jokatu behar dela eta "kontu handia" izan behar dela "sortu daitezekeen espektatibekin", baina ez du Jaurlaritzaren asmorik aurreratu. Halere, txertoen inguruan esan du txertaketa-plana erkidego bakoitzak doitzea dela egokiena –kriterio orokorrak adostu arren–; izan ere, sailburuarentzat plan orokor bakarra egiteak "ez du zentzurik". Azken horri lotuta, Madrilgo Gobernuaren jarrera ere salatu du, erkidegoekin duen "komunikazio falta" dela-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak