ASIER KORTABARRIA, BERGARAKO KOORDINATZAILEA: "Poliki hasi zen izen-ematea, baina azken egunetan indartu egin da"
Errusiar mendiaren metafora erabili du Kortabarriak Euskaraldiaren antolaketa prozesua deskribatzeko. Etxetik jardun behar izan zuten momentuetan batzordeen lana eten ez izana goraipatu du bergararrak, entitateekin modu telematikoan egindako harremana positiboki baloratuta. Oztopoen inguruan, aurtengo dinamika "nahi beste" azaldu ez izanak ikusgarritasunean galera ekarri duela adierazi du gazteak, baina "jendeak eman duen azken kolpea ona" izan dela deritzo.
Ostalaritzaren itxierak "arigune garrantzitsu asko" utziko omen ditu ezerezean, nahiz eta "zailtasun handiekin aurrera egin ahal izateak hurrengo edizioari begira oinarri sendoak" jarriko dituen. Ariketan zehar ekitaldiren bat egitea gustatuko litzaiekeela aurreratu du, iragarpenak azken unera arte utziko dituzten arren, "bertan beherakoak ekiditeko".
ROSA MONDRAGON, ARAMAIOKO KOORDINATZAILEA: "Hasieratik aritu gara modu apalean, keinu txikiak eginez"
Itxialdian zehar hasierako plangintza alde batera utzi eta bestelako lanketa egin zutela adierazi du Aramaioko Udaleko Euskara teknikari eta Euskaraldiko dinamizatzaileak: "Martxoan bilerak bertan behera utzi behar izan genituenez, herritarrentzako euskarazko baliabideak jarri genituen udal webgunean; kulturarekin lotutako materiala, esaterako. Errezeta eta argazki lehiaketa ere abiatu genuen konfinamenduak iraun zuen bitartean".
Lan egiteko mugek "lehentasunetan zentratzera" behartu omen zituzten Aramaion. Ondorioz, herritarrekin harreman zuzena duten entitateengana jo zuten aurrena; tabernari eta dendariengana, besteak beste.
Elkargune asko itxita egongo direla eta, "alternatibak" pentsatu behar direla uste du Mondragonek: "Jokoz kanpo geratu diren ariguneetan bereizgarriak jartzea ideia ona da, haiek ere presente daudela gogoratzeko". Eskolako ikasleen artean ere txapak banatu dituzte, "baina ez ahobizi edo belarriprest txapak, neska-mutil guztiak zaku berean sartzen dituzten txapa propioak baizik".
Herriko komunikazio modu guztiak euskalduntzea da erronka, aramaioarraren ustez.
MARI CARMEN ARRIETA, ESKORIATZAKO KOORDINATZAILEA: "Pauso gehienak irailetik hona eman eta poliki lan egitea erabaki dugu"
Euskaraldiaren antolakuntzari tira egitea "asko" kostatu zaiela onartu du Eskoriatzako Udaleko Euskara teknikariak. Entitateek egoera txarra bizi izan duten garaian horrelako dinamika bat aurkeztera errespetu eta tentu handiz joan direla azpimarratu du: "Itxaroten egon gara, guk sustatu beharrean, eskatu digutenari erantzutera mugatzea hobetsi dugulako".
Irailetik aurrera "ahoz ahokoak eta sare sozialek" mobilizatu omen dituzte eskoriatzarrak, eta interesa erakutsi izana bakarrik "sekulakoa" dela ondorioztatu du. Euren lokala arigune eskaini duten tabernei keinuren bat egitea ez du baztertzen Eskoriatzan bi edizioetan Euskaraldia dinamizatzeko ardura hartu duen langileak.
Egitarauari dagokionez, ariketa sozialari ongietorria Onintza Enbeitaren Non gelditzen gara gu? izeneko hitzaldiak egingo dio gaur. "Komunikatzaile bizkaitarrak euskara, feminismoa eta COVID-19a jorratuko ditu hitzaldian, azaroaren 25eko eguna aintzat hartuta", aipatu du Arrietak. Euskararen Egunean Euskaraldiko parte-hartzaileen sentipenak batuko dituen bideo bat plazaratuko dutela aurreratu du, "baita egun batetik bestera" antolatuko duten ekintzaren bat ere.
Hausnarketa sakona egin du Eskoriatzako koordinatzaileak aurten helarazi nahi izan den mezuaren gainean: "Baikortasunean oinarritu da aurtengo kanpaina, eta sarri pentsatu izan dut ea jendeak ez ote gaituen anormaltzat hartuko. Erantzuna kontrakoa izan da, inplikazio aparta erakutsi dute euskararen alde".
JOKIN ETXEBARRIA, ARRASATEKO KOORDINATZAILEA: "Kantitateari baino gehiago, kalitateari ematen diogu garrantzia"
Kazetaria ogibidez, urte hasierako animoak "sendo" zeudela gogoratu du Etxebarriak, baita poliki-poliki jendearen inplikazioa "gutxitu" egin zela ere. Hori horrela, Arrasateko batzordeak itxialdia "sukaldeko lanak" egiteko aprobetxatu zuela adierazi du, uztailetik aurrerako lanei "ondo" heltzeko asmoz: "Kalera atera ginenean, zailtasunekin egin genuen topo, ekintza indartsuak egiteko aukerarik ez izateak ikusgarritasuna galarazi zigulako, herritarrei begirako harreman zuzenean galerak ekarriz".
Iaz zerrendatutako helburuen artean, bigarren edizioan lehen edizioko parte-hartze kopurua handiagotzea aipatu zuen lantaldeak, baina aurten, eragozpenen jakitun, "egunerokotasunean pentsatzera bakarrik" eraman du egoerak. Kalitatea mantentzea, ordea, ez du alboratzen: "Entitateetako ariguneak abendutik aurrera finkatzea oso albiste pozgarria litzateke guretzat; hau da, gune horietako langileek euskararekiko konpromisoa izaten jarraitzea".
Azpitaldeetako boluntarioek entitateak aurrez ezagutzea "garrantzitsutzat" jo du, ariguneak sortzeko orduan.