Eskola-kirola itzultzea eskatu dute eragileek, protokoloek segurtasuna bermatzen dutela argudiatuz

Hasier Larrea 2020ko aza. 20a, 12:05
Neska-mutilak, Ibarra kiroldegiko instalazioetan eskola-kirola praktikatzen.

Leintz Eskola Kirolak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio azaroaren 6ko dekretua atzera bota eta "Katalunian egiten ari diren moduan" hezkuntza-zentroetako kirol-jarduerak baimentzeko. Debekuek segurtasuna "okertu" egin dutela adierazi du LEkek.

Gorabehera handiko asteak bizi izan dituzte ikasturtea hasi zenetik hona 6 eta 16 urte arteko eskola-kirola sustatzen diharduten euskal eragileek. Abuztu amaieran zer egingo zuten ez jakitetik hezkuntza zentroetan kirol ekintzak segurtasunez garatu ahal izateko protokoloa diseinatzera pasatu ziren irailean. Neska-mutilen gurasoekin batu ziren ondoren, hartutako neurrien nondik norakoak azaltzeko, eta, Oinatz Agirre Leintz Eskola Kiroleko koordinatzailearen arabera, "oso harrera positiboa" eduki zuten osasun-neurriak bermatzeko hartutako irizpideek.

Gauzak horrela, irail erdialdean ireki zuten Leintz bailaran eskola-kirolean apuntatzeko izen-ematea, eta urrian, ikastetxeetan errealitate berrira egokitutako kirol-ekintzak garatzen hasi ziren. Protokoloa zorrotz betetzeko lan handia egin zutela adierazi du Agirrek: "Ikasleak mailaka eta burbuilak errespetatuz sailkatu genituen, eta, taldeak kopuru txikiagokoak izan behar zirenez, instalazioetan ordutegi berriak txertatzeko eskaria egin behar izan genuen, ekainean finkatutako ordutegiari moldakuntzak gehituta".

Kurtso hasieran lan-karga handia eduki dutela adierazi du LEKeko koordinatzaileak: "Kirol eta hezkuntza esparruetako araudia astez aste aldatzen joan da; ondorioz, protokoloa astero gainbegiratu eta egokitu behar izan dugu". Hori horrela, "harriduraz" jaso zuten azaroaren 6an Lehendakaritzak argitaratutako 38/2020 Dekretua, zeinetan hezkuntza arloko kirol-jarduera guztiak debekatzen ziren.

Presio soziala euskarri

Bi aste pasa dira lege hori indarrean jarri zenetik, eta ordutik eskola-kirola itzultzeko ahalegin ugari egin dituzte Gipuzkoako eragileek. "Donostiako eta Oarsoaldeko eskola-kiroleko zenbait arduradunek gutunak banatu dizkiete guraso-elkarteei eta probintziako gainontzeko eskola-kiroleko ordezkariei, norberak sinatu eta Dekretu berriaren gaineko kexak Jaurlaritzara bidaltzeko", adierazi du Agirrek. Bestalde, Change.org plataforman sinadura-bilketa jarri zuen martxan Yeni Garcia izeneko hernaniar batek, eta Leintz Eskola Kirolak egitasmo horri atxikimendua erakutsi dio. "Sinadura-bilketa horren helburua Jaurlaritzari presio soziala egitea da, agintariek ikus dezaten eskola-kirolaren gaineko debekua atzera bota beharrekoa dela", dio LEKeko koordinatzaileak.

Urrian jarri zuen LEKek protokoloa martxan.

Segurtasuna "ez da hobetu"

Ikastetxeetatik sustatutako ekintzak berriz aktibatzea "ezinbestekotzat" jotzen du Oinatz Agirrek, neska-mutilak eskolan kalean baino seguruago daudela iritzita: "Guztiok ikusi ditugu azaroaren 6tik hona haur eta gaztetxoak kalean euren kabuz jolasten; askotan, segurtasun-neurriak errespetatu gabe". Guraso gehienek kontzientziaz jokatzen dutela uste du Agirrek, nahiz eta deskuiduak saihestea oso zaila izan. "Eskoletan protokoloa zorrotz betetzeaz arduratzen ginen, baina kalean ez dago protokolorik; horren ondorioz, kaleko elkarrekintzek arrisku handiagoa dute; segurtasunaren aldetik galtzen irten garela argi dago", gehitu du koordinatzaileak.

Aktibazioa, "urrun"

Eskola-kirolaren itzulera posibleaz galdetuta, "Gabonak arte" mugimendurik egongo ez dela uste du Agirrek: "Badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiak eutsi egin nahi ziola urriko planteamenduari, baina Eusko Jaurlaritzak kontrakoa erabaki zuen azaroan, eta seguruena da urte amaierara arte itxaron beharko dugula; hala adierazi zigun Aldundiak". Bere ustez, Lehendakaritzak eskola-kirola ez baimentzearen arrazoien artean dago "gainontzeko sektoreek, ostalaritzak eta afizionatuen kirolak, esaterako, eskaera bera egingo luketela; norberaren esparruaren irekieraren aldekoa, alegia".

Momentuz, familiei seme-alabekin kirola egiteko irizpideak emateaz konformatu beharko du Leintz Eskola Kirolak. Mugak muga, asteburuetara begirako ekimen berriak aurkeztu dituzte, "naturaz eta ohitura osasuntsuez gozatzeko" (Erlazionatutako edukian informazio gehiago").

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak