Gaur hasi da Euskaraldia. Pare bat baldintza besterik ez da bete behar parte hartzeko: euskaraz ulertzea eta 16 urte baino gehiago izatea. Adinaren langa hori jaitsi egin dute aurten: duela bi urte, 18 urtetik gorakoek bakarrik eman zezaketen izena. Hori horrela, bada gazterik aurreko edizioan parte hartzeko aukerarik izan ez baina oraingoan ariketara batuko direnak.
Lehendabiziko aldiz eman du izena Ane Sologaistoa eskoriatzarrak. Aurreko edizioan, 14 urte zituen, eta "inbidia puntu bat" ere izan zuen, ikusten baitzuen inguruko jende askok egin zuela bat Euskaraldiarekin. Ariketan parte hartzeko aukera izan ez bazuen ere, aldatu zituen zenbait ohitura: "Bizilagun batekin gaztelaniaz egiten nuen, baina txapa soinean zuela ikusi nuenetik euskaraz egiten dugu".
Normalean, euskaraz egin ohi du Sologaistoak. Hala ere, aitortu du ikaskideen artean badagoela gaztelaniara jotzeko joera. "Gaztelaniaz egiten dutenez, hizkuntza horretan erantzuten diet; automatikoki ateratzen zait, baina badakit ohitura txarra dela", azaldu du. Hori da Sologaistoak Euskaraldiarekin aldatu nahi duena: "Oso aukera polita iruditzen zait nire inguruan euskara indartzen joateko".
Interesgarria eta lagungarria
Naiara Lara arrasatearrak 16 urte ditu. Duela bi urte, ariketan parte hartzeko gogoz gelditu zen. "Gustura hartuko nukeen parte", aitortu du.
Garrantzitsua iruditzen zaio Euskaraldia eta halako ekimenak martxan jartzea: "Ekintza interesgarria eta lagungarria da euskararendako". Ariketarekin, ziurtatu nahi du lehen hitza euskaraz egingo duela. Azaldu du lagun askok hartuko dutela parte, aukera dutela aprobetxatuta. "Kontziente gara ekimen hau dagoela, eta nire inguruan badago interesa", adierazi du.