Kike Amonarriz: "Euskaraldiak on egiten du, ariketa ireki eta alaia delako"

Hasier Larrea 2020ko aza. 20a, 10:51

Euskalgintzaren inguruko mila saltsatan aritua,  Euskaltzaleen Topaguneko presidentea da gaur egun Kike Amonarriz. Euskaraldia osatzen duten oinarrizko bi zutabeak, herrigintza eta euskal erakundeak, ondo baino hobeto ezagutzen ditu; hortaz, zaila da ariketa sozialaren xehetasunak berak baino hobeto azalduko dituenik aurkitzea.

Hasteko, goazen sustraietara. Nondik dator Euskaraldia?

Aurrekariak bi dira: bata, Lutxo Egiaren performancea, non gizartean une oro euskaraz bizitzeko hautua egiten zuen; eta bestea, Pirritx eta Porrotxek Lasarten egindako dinamika, zeinetan ahobizi eta belarriprest rolak agertu ziren lehen aldiz. Ariketa horiek oso interesgarriak iruditu zitzaizkion Euskaltzaleen Topaguneari; hainbeste, ezen Euskal Herrira zabaltzeko formatu bat diseinatzea erabaki zuela. Europa osoan antzeko ekimenik ez dagoela esango nuke.

Zein da Topagunearen zeregina Euskaraldian?

Bultzatzaile nagusietako bat da, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin batera. Bi erakundeen elkarlanak zabaldu zuen gero beste hainbat erakundetara. Bide konplexua izan da, era eta maila desberdinetako erakundeek parte hartzen baitute antolaketan. Baina hori da balio handienetako bat: elkar-lana ardazten duen egitasmo praktikoa dela Euskaraldia, eta ez bakarrik aldekotasuna adierazten duen kanpaina bat.

Ze zailtasunekin egin duzue topo?

COVID-19ak erabat aldatu du urte hasieran lan egiteko geneukan perspektiba. Herrietako batzorde asko inaktibo egon ziren itxialdian, borondatezko pertsonek osatzen zutelako. Ondorioz, egiturazko batzordeetan bakarrik egin zen aurrera. Ariguneetako izen-ematea ere atzeratu egin zen. Hala ere, 2018an baino herri gehiagok hartuko dute parte aurten, eta sekulakoa da hori. Zailtasunak zailtasun, 25.000 arigune sortu dira Euskal Herrian. Jendearen konpromisoak adierazten du euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugula eta hizkuntza ohituretan aurrera egiteko ilusioa daukagula.

Prestatu al duzue ekintza potolorik?

Komunikabideen bitartez egiten ari garen plangintza komunikatibo bat da prestatu duguna, Euskaraldiak ihes egiten baitie ekintza potoloei. Euskal Herrian ohituta gaude festa kutsuko ekitaldietara, baina ez genuen hori nahi, hau beste gauza bat da: norberak maila pertsonalean eta ariguneetan egiten duen ariketa soziala.

Arigunearen kontzeptua da aurtengo berritasuna, ez al da hala?

Bai, hala da. Euskaraldia diseinatu zenean, lehen urratsa pertsonengana zuzentzea izan zen, eta bigarrena, orain gauzatzen ari garena, era guztietako entitateetara jotzea. Garrantzitsua zen taldeak ere inplikatzea, inertziaz gaztelera edo frantsesa egiten den tokietan eragiteko: lanean, elkarteetan, komertzioetan... Nahiz eta euskaraz egin ahal izan, sarri beste hizkuntza batera jotzen baita halako tokietan. Ariguneek zalantza hori aktibatzeko aukera ematen dute, bertako partaideek hizkuntza ohiturez hausnar dezaten.

Zergatik dira belarriprest-ak hain garrantzitsuak?

Belarriprest-ek ate asko zabaltzen dizkiote euskarari. Alde batetik, gure ohiko harreman esparruetatik kanpo euskaraz egitea bermatzen digute. Bestetik, ulertzeko eta hitz egiteko gai den jendea euskarara hurbiltzera motibatzen dute. Belarriprest-ak zera adierazten digu: "Agian, ez dizut euskaraz erantzungo, baina zuk niri egidazu euskaraz".

Eta zergatik banatzen dira txapak?

Superbotereak dituztelako. Txapek modu progresiboan oztopo ugari gainditzeko modua ematen diote pertsonari. Izan ere, jendeak euskara ez erabiltzearen arrazoiak askotarikoak dira: ondo ez dakiela, lotsa ematen diola, ez dela seguru sentitzen, ohitura falta duela... Txapek erakutsi digute egun jakin batzuetan masiboki gauzatutako rolak eguneroko bizimoduan txertatzen joaten direla.

Baina Euskaraldia amaitzen denean, txapa soinetik erantzi behar da.

Hori da. Izan ere, hein handi batean, ekintza mugatua izateak eman zion arrakasta 2018ko edizioari. Jardunaldian zehar barneratutako rolak egonkortzea da ariketaren ostean gainditu behar dugun hurrengo erronka, euskara urteko 365 egunetara zabaldu dezagun.

Helburu soziala ez ezik, helburu ekonomikoa ere badu Euskaraldiak.

Bai; kamisetak eta banderatxoak, besteak beste, bi arrazoirengatik saltzen ditugu: Euskaraldia bideratzeko zailtasunak dituzten herriak sostengatzeko eta euskalgintzan sortzen diren proiektu berritzaileak aurrera ateratzen laguntzeko. Balkoietan ikusiko diren banderatxoek funtzio garrantzitsua beteko dute, euskararen presentzia kalean baino gehiago etxeetan egongo delako.

Aurten ere ikerketa soziolinguistikoa egingo du Klusterrak, ezta?

Bai; gero eta ohikoagoa da euskalgintzan: zerbait praktikan jarri, eta gero ikertu. Esperientzia hau erabat berria denez, inportantea da ikerketak egitea, ondoren esperientziari egokitzapenak eransteko. Nekez aurkitzen ditugu gurea bezalako kasuak hemendik kanpo.

Ze ondorio atera ziren 2018ko Euskaralditik?

Ikerketa hark erakutsi zigun, batetik, jende askok uste zuena baino euskaldun gehiago dagoela, eta, bestetik, jendeak euskara uste baino kopuru murritzagoan erabiltzen duela. Hizkuntza ohituren aldaketei helduta, konturatu ginen kasu batzuetan zaila zela aldaketa hori gertatzea. Euskaraldia hasi aurretik eta bukatu bitartean, erabilera ikaragarri handitu zen, eta pozgarriagoa dena, handik hiru hilabetera euskara gehiago egiten zuten ariketako parte hartzaileek. Horregatik da garrantzitsua Euskaraldia sistematikoki egitea, hobekuntza horiek areagotzeko.

Orokorrean, balorazio positiboa izan zuen?

Bai, guztiz. Jendeak ikusi zuen jarduera ireki, alai eta praktikoa zela, eta funtzionatzen zuela.

Zerbait gehiago esan nahi baduzu, zurea da hitza.

Nahiz eta aurreko edizioan izena eman, berriz ere apuntatu behar dela gogoratu nahi diot jendeari. Eta kaleko presentzia murritzagoa izango denez, izena eman dutenek, mesedez, anima dezatela euren inguruko jendea Euskaraldian parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak