Euskaraldia: 11 egun euskaraz. Hala aurkeztu zuten duela bi urte orduan ariketa berri bat zen ekimena. 2018ko azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, iraun zuen "herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea" helburu zuen ekimen hark.
18 urtetik gorako herritarrei zuzenduta, 220.000 lagunek eman zuten izena lehen Euskaraldian, belarriprest eta ahobizi rolen artean aukera eginda. Orduko datuak aztertuta, izena eman zutenen %73 ahobizi modura jarduteko batu ziren ekimenera, eta %27k belarriprest modura parte hartu zuen. Partaideen %36k 18 eta 35 urte artean zi-tuzten eta %62 emakumezkoak izan ziren.
Esku hartzea, "laburra"
2018an egindako lehen ariketa-ren osteko azterketaren txoste-naren arabera, hizkuntza ohiturak astintzearen zeregina "aski ongi" bete zuen Euskaraldiak hamaika egunean zehar; hala dio EHUko Pello Jauregik eta Soziolinguistika Klusterreko Uxoa Anduagak egindako txostenak. Dena den, aitortzen dute hizkuntza jokaera berriek "denbora eta errepikapena" behar izaten dutela barneratuak iza-teko, eta Euskaraldiaren esku-hartzea "oso laburra" izan zela.
Azterketa hark erakutsitakoaren arabera, Euskaraldia abiatzeko unean kideen bi herenek –%66,5– euskara ulertzen zuten ezagunekin euskaraz jarduteko joera zuten. Hamaika egunen ostean "aldaketa handia" gertatu zela zehazten du txostenak, eta euskaraz zekiten ezagunen "gehiengoari edo guztiei" euskaraz egiten zietenak hasieran baino askoz gehiago ziren: %86,6.
Parte-hartze handiena, hemen
Debagoienean, 13.200 pertsonak hartu zuten parte 2018ko Euskaraldian; hau da, 16 urtez gorako biztanleen %25ek. Eta nabarmentzekoa da Debagoiena izan zela biztanleriaren proportzioan parte hartze maila handiena izan zuen eskualdea.
Normalizaziorako gakoa
Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik, 2018ko Euskaraldiak "argi" utzi zuen, Bergarako Udaleko Euskara teknikari Estepan Plazaolaren ustez, gakoa erabilera dela: "Erabilerarik gabe, alferrik dira gainontzekoak. Gaitasuna erabiliaz indartzen da".Kontzientzia hartzea ere ekarri zuela aitortu du Plazaolak: "Milaka lagunek euren hizkuntza ohiturez gogoeta egin zuten eta konturatu ziren uste zutena baino jende gehiagok dakiela euskaraz eta erabiltzen zutena baino gehiago erabiltzeko aukera zutela".
Aretxabaletako Loramendi elkarteko Eñaut Zubizarretaren esanetan ere, "euskararen gaia berriz ere mahaiaren zentroan jartzea lortu zuen". "Inklusibotasun puntu bat" ere eman ziola azaldu du, lehen edizio hark "hizkuntzarekin lotuta zeuden zenbait aurreiritzi apurtzea" lortu zuela. Oñatiko Udaleko Euskara teknikari Xabier Zabaletak soziolinguistikako zenbait kontzeptu gizarteratu zituela azaldu du: "Lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia, edo solaskideak euskaraz ulertzen badu euskaraz egin dezakegula, nahiz eta berak gazteleraz erantzun".
Erabilera, ezinbestekoa
Euskararen erabilerari dagokionez, aitortu dute ez dela erraza aurrera edo atzera egin den jakitea. Arrasateko AED elkarteko Itxaro Artolak azaldu duenez, "denbora gehiago" beharko da Euskaraldiak erabilera datuetan eraginik izan duen jakiteko: "Ariketaren ondoren egindako ikerketaren arabera, ez ziren gutxi izan, batez ere, belarriprest rola izan zutenen ar-tean, ariketari esker euskara erabiltzen hasteko edo gehiago erabiltzeko jauzia eman zutenak. Aitzitik, hizkuntza gaitasun al-tua geneukanok ez omen ditugu hainbeste aldatu gure ohiturak. Eta horrek ematen du zer pentsatua".
Plazaolaren esanetan, aurreko hamarkadetako gorabidea moteldu egin da: "Kezkagarria da. Oso momentu garrantzitsuan gaude: edo normalizazioranzko bide sendo bati ekiten diogu edo arrisku handia dugu atzera egiteko". Zabaletak dioenez, ikuspuntuaren araberakoa da : "Oñatiren kasuan, azken ikerketek diote urtez urte gora doala euskara kaleko erabileran; etxeetan, ordea, beherakada egon da". Hala ere, orokorrean, erabilera "aurrera egiten" ari dela azaldu du, nahiz eta "hainbat arlotan alarma piztuta izan behar den".
Euskaraldia, "beharrezkoa"
Zubizarretak dio gazteen artean erabileran dagoela arazoa, eta, hortaz, "modu ezin hobea" dela hamaika egun horien bueltan kolektiboa aktibatzeko. Era berean, jende helduaren artean "tabu eta aurreiritzi asko" alde batera uzteko eta behinola izan zuten grina berpizteko tresna izan daitekeela azaldu du.
Plazaolak eta Zabaletak ere beharrezko ikusten dute ekimena. Oñatiko Euskara teknikariaren kasuan, adibidez, "euskararen ekosistema nahiko hauskorra" dela dio, eta pandemiak hizkuntzak bizi duen egoera bistaratu duela azaldu du: "Mezuak lehenengo gaztelania hutsean jaso ditugu, eta ostean etorri dira, etorri badira, euskarazkoak".
Gaur egun 16 urterekin eskolatik irteten diren debagoiendarren %95ek euskaraz maila batean badakitela azaldu du Plazaolak: "Gaitasun hori erabilerarekin uztartzen ez badu, ordea, gaitasuna bera murrizten joango zaio eta, ondorioz, erabili ere nekezago egingo du". Arrazoi horregatik, erabilera sustatzeko eta euskaraz egiteko ohitura indartzeko ekimenak bultzatzearen garrantzia azpimarratu du.
"Beste mila behar"
Era berean, Itxaro Artolak gogorarazi du Euskaraldia ez zela sortu "kanpaina bat" izateko, "lan-ildo iraunkorra" izateko baizik: "Euskara ulertzeko gai ere ez direnak euskarara erakartzea ere bada erronka; hau da, ezagutza unibertsalerako bidea zabaltzea. Horretarako ere balio beharko luke".
"Euskarak aurrera egin eta beste hizkuntzen parean jarri" nahi badu, Euskaraldia "eta halako beste mila" ekimen beharko direla aitortu du Zabaletak. Era berean, Euskaraldiak markatzen duen norabidea "oso interesgarria" dela azaldu du Plazaolak, baina euskarak "beste mila behar" dituela gogorarazi du: kultur kontsumoarekin lotuak, hedabideekin eta teknologiarekin, esparru sozioekonomikoan...