Gaur hasi eta datorren abenduaren 4ra arte iraungo du Euskaraldiaren bigarren edizioak. Izen-emate epea azaroaren 24ra arte luzatu duten arren, atzora arteko datuen arabera, Euskal Herri osoko 147.000 lagunek hartuko dute parte ariketa sozialean: horietako %79 ahobizi izango da, eta %21 belarriprest. Orain arte izena eman dutenen %63 emakumezkoa da, eta parte-hartzaileen %27 lehen aldiz arituko da ariketa sozialean.
9.594 debagoiendar izena emanda
Debagoienera etorrita, 596 entitatek edo entitatetako egoitzek eman dute izena eta 1.450 lagunetik gora arituko dira ariguneetan. Guztira, zehazki, 9.594 debagoiendarrek hartuko dute parte ariketa sozialaren bigarren edizioan –atzora arteko datuen arabera–. Parte-hartzaile gehienek ahobizi rola aukeratu dute; hain zuzen, 7.964k orain artean. Belarriprest-ak, ostera, gutxiago izango dira: 1.630.
Aurreko edizioarekin alderatuta aurten izena eman dutenen profila aldatu egin dela adierazi du Bergarako Euskaraldiko koordinatzaile Asier Kortabarriak. "Alde batetik, 16 edo 17 urte bete berri dituzten gazteak animatu dira aurten, baina, bestetik, badago osasun krisiak kezkatuta Euskaraldiari lehentasuna eman ez dionik ere", zehaztu du. Lehen edizioan parte hartzeko "gogoz" geratu ziren askok ere eman dute izena aurten: "Bigarren edizioa den heinean, jendeak dagoeneko ezagutzen duelako".
Euskaraldiaren izen-emate datuak
Ariguneak | 'Ahobizi'-ak | 'Belarriprest'-ak | |
Arrasate | 550 | 2.326 | 588 |
Bergara | 400 | 2.306 | 455 |
Oñati | 119 | 1.313 | 192 |
Aretxabaleta | 208 | 933 | 150 |
Eskoriatza | 105 | 366 | 122 |
Antzuola | 36 | 315 | 37 |
Aramaio | 20 | 182 | 36 |
Elgeta | 19 | 173 | 27 |
Leintz Gatzaga | 10 | 50 | 23 |
Debagoiena | 1.467 | 7.964 | 1.630 |
Arigune asko, bertan behera
Bailarako herrietako batzordekideek aitortu dute duela bi urteko edizioarekin alderatuta "desberdina" izango dela honako hau, eta parte-hartzeak "behera" egin duela herri guztietan, "osasun krisiaren eraginez".
Entitateen parte-hartzea izan da bigarren edizioa honetako nobedade nagusia, eta, horrekin batera, ariguneen identifikazioa; euskaraz lasai egiteko guneena, alegia. COVID-19aren pandemiaren harira hartutako neurri murriztaileek, baina, arigune asko bertan behera geratzea eragin dute. Itxita dauden ostalaritza establezimenduetan, esaterako, ezingo dute ariketa soziala aurrera eraman.
Rosa Mondragon, Aramaioko Euskaraldia: "Pena izango da entitateetako askok parte hartu ezin izatea"
Aramaioko Euskaraldiko koordinatzaile Rosa Mondragonek adierazi du "pena" izango dela entitateetako askok parte hartu ezin izatea, herri horretan, entitateak "animoekin" azaldu zirelako izena emateko orduan. Hala eta guztiz ere, gogora ekarri gura izan du entitateetako ordezkariek norbanako gisa jardun ahalko dutela Euskaraldian. Bergarako kasuan, Asier Kortabarria koordinatzaileak entitateen inplikazioari balioa eman gura izan dio: "Hasieran, kostatu egin zitzaigun martxan jartzea, lan handia zutelako euren etorkizuna zehazten. Hala ere, egia da enpresetan mugitu egin direla; arigune mordoa sortu dituzte eta lanean ari dira".
Asier Kortabarria, Bergarako Euskaraldia: "Enpresak mugitu egin dira: ariguneak sortu dituzte eta lanean ari dira"
Ikusgarritasun txikiagoa
Aurtengo edizioaren "ikusgarritasuna" ere txikiagoa izan dela uste du Oñatiko koordinatzaile Xabier Zabaletak, koronabirusari lotuta: "Lehen edizioan ekitaldi eta aurkezpen gehiago egin genituen; orain, koronabirusaren ondorioz, gutxiago atera gara kalera". Kortabarriak gaineratu du ezin izan dutela antolatu ekitaldi handirik, "ezta txiki eta xumerik ere". Hala eta guztiz ere, azken egunetan"dezente" atera dira kalera herrietako batzordeak.
Xabier Zabaleta, Oñatiko Euskaraldia: "Ikusgarritasuna txikiagoa izan da, gutxiago atera gara-eta kalera"
Batzordekideek ere, zailtasunak
Bailarako herrietako batzordekideak "buru-belarri" aritu dira lanean azken hilabete hauetan. Elgetako batzordekide Larraitz Zeberiok aitortu du hasieratik sortu zutela herrian Euskaraldiko taldea, gerora bilerak egiteko zailtasunak izan badituzte ere: "Online egin behar izan ditugu bilerak. Eta hori beste dinamika bat da, gehiago kostatzen dena". Bergarako koordinatzaileak adierazi du "jendearengana hurbiltzea" zailagoa egin zaiela: "Ezin dugu nahi bezala gerturatu jendearengana, eta, beraz, Internet eta komunikabideak izan ditugu horiengana iristeko". Aurrez aurrekoak murrizteak "nolabaiteko galera" dakarrela uste du.
Prozesu luzearen emaitza
Aspaldi hasitako prozesua izan da ariketa sozialarena. Entitateen txanda izan zen lehendabizi; eurek eman zuten izena Euskaraldian. Norbanakoek izena emateko epea ireki zuten gero, irailean Bergarako Seminarixoa aretoan egindako ekitaldi nazionalean. Jaurlaritzako ordezkariak eta Euskaraldiko antolatzaileak izan ziren ekitaldi hartan. Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek Euskaraldiaren "beharra" azpimarratu zuen: "Askok pentsatuko dute ez dela garai egokia Euskaraldia egiteko, baina batzuentzat inoiz ez da euskarari bultzada emateko une egokia". Euskaraldiaren koordinatzaile nagusi Arrate Illarok bigarren edizioko helburuak azaldu zituen: "Hasi genuen bideari jarraipena eman gurako genioke, rolak hobeto ezagututa eta kide berriak erakarrita".
Eskertzak ere bai
Izena eman duten entitateak zoriondu ditu Arrasateko Euskaraldiko batzordeak: "Arrasaten Euskaraldia antolatzen ari garenok eskerrak eman nahi dizkiegu publikoki". Azaldu dute duela bi urte "itzela" egin zutela arrasatearrek: "Garai zailak bizi ditugun arren, gaurtik aurrera beste jauzi erraldoi bat egingo dugu".
Larraitz Zeberio, Elgetako Euskaraldia: "Ahalegina egin behar da ohiturak aldatzeko, premia badago eta"
Debagoieneko batzordekideek ere ariketa soziala ahalik eta ondoen egitera animatu dituzte herritarrak. "Ahalegina egin behar dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko, premia badagoelako eta ikusi delako aurreko edizioko ariketak eragina izan zuela", azpimarratu du Zeberiok.