Rola erabakita, parte hartzeko arrazoi ugari

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 20a, 18:00

Euskaraldian parte hartuko duten bailarako zenbait norbanako.

Hasi da Euskaraldia, eta 'ahobizi' edo 'belarriprest' rolak aukeratuta, erronka ezberdinak jarri dizkio nork bere buruari. Hona hemen Debagoieneko zenbait herritarrek hamabost egun hauetan izango den ariketaren bueltan esandakoak.

Ainhoa Barandiaran. Leintz Gatzaga. 'Belarriprest'-a

"Belarriprest arituko naiz aurten, lankideekin euskaraz moldatzeko zailtasunengatik. Euskal hiztuna naizen arren, lanean bakarrarekin dut aukera euskaraz aritzeko, besteek ez dute ulertzen; beraz, hori da arrazoia. Joan den edizioan, ahobizi rola aukeratu nuen, eta laneko arrazoi hori kontuan hartuta aldatzea erabaki dut, beste barik. Horrekin batera, azpimarratu nahiko nuke Leintz Gatzagan jendea gogoz ikusten dudala Euskaraldiari begira".

Beñat Illarramendi. Eskoriatza. 'Ahobizi'-a

"Iaz, belarriprest rola aukeratu nuen, ahobizi aukeratuz gero euskaraz dakiten guztiekin konprometitzen zarelako euskaraz egitera. Eta iaz, uste nuen ez nuela lortuko, hainbat lagunekin gazteleraz egiteko ohitura dudalako. Aurten, baina, ahobizi rola aukeratu dut, aldatzeko gogoz nagoelako, eta ariketak irauten duen denbora-tartean euskaraz egitea da asmoa. Uste dut lortuko dudala ".

Garazi Fernandez. Aretxabaleta. 'Ahobizi'-a '

"Aurten, lehenengo aldia izango da Euskaraldian parte hartuko dudana, joan den urtean adinarengatik ezin izan nuelako. Ahobizi rola aukeratu dut, nire egunerokotasunean euskaraz egiten dudalako guztia, klasean zein etxean. Ilusio handia egiten dit ariketa honetan parte hartzeak, eta gogoz nago. Lagunartean, gazteleraz zerbait esaten didatenean hizkuntzaz aldatu izan dut, eta nire helburua ohitura hori aldatzea izango da hamabost egun hauetan".

Jose Arana. Arrasate. 'Belarriprest'-a

"Ariketa sozial polita iruditzen zait Euskaraldia. Duela bi urte ere belarriprest-a izan nintzen, euskaraz adierazteko gaitasun handirik ez dudan arren, ia guztia ulertzeko gai naizelako. Era honetan, euskaldunei euskaraz hitz egiteko aukera ematen diedala uste dut, eta, zailtasunak izaten ditudan arren, gustura aritzen naiz. Beraz, aurten ere parte hartuko dut, eta gogoz nago. Hala, euskara praktikatuz hizkuntza ohiturari buelta bat emateko".

Nerea Carmona. Oñati. 'Ahobizi'-a

"Etxekoekin gaztelaniaz hitz egiten dudan arren, txikitatik euskaraz bizi eta harremandu izan naiz; euskara da nire ama hizkuntza eta horrela sentitzen dut. Hala ere, inkontzienteki eta inertzia hutsagatik badin bada ere, momentu puntual batzuetan gaztelaniara jotzeko joera dudala ohartu naiz: lagunartean, ezezagun batekin elkartzean… Eta Euskaraldiak hizkuntza ohitura horien inguruan hausnartzeko eta aldatzeko bultzadatxoa emango didala uste dut".

Fatima Pereira. Bergara. 'Ahobizi'-a

"Ahobizi rola hartu dut Euskaraldian parte hartzeko. Euskarako eskoletan ari naiz, ikasten, eta hamabost eguneko ariketa oso ondo etorriko zait mintzapraktikarako. Jendearekin erlazionatzeko, gehiago praktikatzeko, eta euskaraz bizitzeko erronka moduan hartu dut ahobizi rola. Beraz, ez dakit nola egingo dudan, baina saiatuko naiz, horretarako eman dut izena, eta lehenengo hitza euskaraz egiteko apustua egin nahi izan dut".

Olga Fernandez. Elgeta. 'Belarriprest'-a

"Belarriprest rola aukeratu dut aurtengo Euskaraldiari begira. Aurreko edizioan ere hala aritu nintzen, eta, esperientzia ederra izan zenez, oraingoan ere animatu naiz parte hartzera. Dagoeneko jaso dut txapa, eta prest nago ariketarako. Izan ere, euskaltegian euskara ikasten ari naiz, eta Mintzalagunetan ere asko ikasten dut. Euskaraz moldatzen naizen arren, ariketa ederra dela uste dut".

Eugenia Retola. Antzuola. 'Belarriprest'-a

"Ahobizi izatera iritsi nahiko nuke, baina, oraingoz, belarriprest moduan arituko naiz, duela bi urte moduan. Jendeak niri euskaraz egitea nahi dut, ulertzen baitut. Hala ere, saiatzen ari naiz, eta hori egunerokotasunean egiten dudanagatik da. Ulertzen dut euskara, egunero ari naiz kalean hitz egiten, ikasten, eta, Euskaraldiko ariketan bereziki saiatuko garen arren, aurrera begira ere euskaraz jardutea da nire asmoa".

Ainara Inuntziaga. Aramaio. 'Belarriprest'-a

"Aurten belarriprest moduan eman dut izena Euskaraldian. Joan den edizioan, ahobizi izan nintzen, baina konturatu naiz ahobizi urte guztian naizela. Izan ere, familian, lagunekin eta lanean ere euskara asko erabiltzen dut. Aurten, baina, nire rola aldatzea erabaki dut. Nire pazientzia guztiarekin, euskaraz justu ari diren horiei entzuteko eta laguntzeko prest nagoela adierazi nahi diet belarriprest moduan. Intentzioa hori da, ea zer gertatzen den…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak