Hikaldia ere martxan, hitanoari atxikimendua agertzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 23a, 10:02

Asier Kortabarria 'Moto' eta Aitzol Perez de San Roman, Bergarako eta Oiartzungo arduradunak, hurrenez hurren.

Hitanoaren erabilera bultzatzea helburu, ahobizi edo belarriprest txaparen ondoan h hizkidun pegatina daroatenek hika berba egin edo entzun nahi dutela agertu dute; Bergaran eta Oiartzunen abiatu dute, esperientzia pilotu modura: Ze eingo jonau/juau?

Gaur hasi eta abenduaren 4ra bitartean egingo den Euskaraldiaren bigarren ariketa sozial erraldoiaren barruan egongo da beste ariketa txikiago bezain esanguratsu bat: Hikaldia. Esperientzia pilotua izango da, Euskal Herri osoan Oiartzunen eta Bergaran egingo dena. Euskaraldian jantziko den txaparen gainean h txiki bat duen pegatina bat itsatsi beharko dute Hikaldian parte hartuko duten ahobizi-ek eta belarriprest-ek. Hitanoarekiko atxikimendua adieraziko dute horrela.

Gonbidapena da, ez betebeharra

Hala ere, zehaztu dute ez dela Euskaraldiko rolari zuzenean lotuta egongo. Hika aritzeko edo entzuteko gogoa dutela erakutsiko dute pegatina daroatenek; ez du esan nahi hika aritu beharko dutenik. "Honekin adieraziko dugu hika berba egiteko edota entzuteko gogoa dugula, gonbidapen bat izango da. Ahobizi-ek ez dute hika berba egiteko konpromisorik hartuko. Pegatina hau daroanak bere gaitasunaren arabera eta egoeraren arabera erabakiko du hika egin edo ez".

Bergarako eta Oiartzungo Euskaraldirako arduradun Asier Kortabarria Moto-k eta Aitzol Perez de San Romanek diote norberaren esku egongo dela hitanoak dituen "arau sozialak" errespetatzea edo malguak izatea: "Hori bai, betiere, solaskidea ados badago; bestela, neutroan ariko gara, errespetatuz". Hau da, ulermena beti ziurtatu behar dela gogorarazi dute, eta, solaskidearentzat zaila baldin bada hika ulertzea, neutrora pasatzeko eskatu dute.

Esperientzia pilotua da

Hikaldian parte hartu nahi dutenek galdetegi erraz bat bete beharko dute, eta, Euskaraldiko txapa jasotzearekin batera, pegatina txikia ere jasoko dute. Iniziatiba honekin, hitanoaren erabilerari bultzada ematea da helburu nagusia, eta, esandako moduan, esperientzia pilotua da. Euskaraldiarekin batera Hikaldia ere amaitzen denean, balorazioa egingo dute, aurrera begirako urratsak zehazteko. "Ze eingo jonau/juau?, Ze ingo ñeu/yeu?", galdegin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak