Entitateak batuko zaizkie norbanakoei, ariketarako

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 22a, 10:00

Egubakoitzean abiatu zen ariketa sozialaren berrikuntza nagusietako bat entitateek sortu dituzten ariguneak dira. Hala, mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte aurtengo Euskaraldian: erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultur eta kirol elkarteek, eta abarrek. 

Ariguneei dagokienez, euskaraz aritzeko guneak izango dira, eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dute une oro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Modu horretan, barne eta kanpo ariguneak izango dituzte entitateek. Lehenak entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira eta bigarrenak, aldiz, entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute, "une oro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada".

Entitateak ariketa sozialera batzearen helburu nagusia, Euskaltzaleen Topagunearen esanetan, entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Hori dela eta, "parte hartzeko, zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa beharko dira".

631 entitatek eman dute izena

Debagoieneko datuei dagokienez, 631 entitate izan dira ariketa sozialean izena eman dutenak, eta 1.200 arigune baino gehiago sortu dituzte, guztira. Izen-emateak herriz herri aztertuta, Antzuolan 36 entitatek eman dute izena eta beste horrenbeste arigune izango dituzte; Aramaion, 20 entitate eta 20 arigune; Aretxabaletan, 71 entitate eta 208 arigune; Arrasaten, 155 entitate eta 550 arigune baino gehiago; Bergaran, 219 entitate eta 400 bat arigune; Elgetan, 19 entitate eta beste horrenbeste arigune; Eskoriatzan, 31 entitate eta 105 arigune; Leintz Gatzagan, zazpi entitate eta hamar arigune inguru; eta Oñatin, 38 entitate eta 119 arigune.

"Erabiltzen duguna baino gehiago erabili dezakegu euskara"

Bidane Txopitea eta Josetxo Muniategi, Bergaran, Soraluce enpresan.

"Duela bi urte, Euskaraldia hasi aurretik, gure Euskaraldi propioa egin genuen Soraluce kooperatiban, barne esperimentu moduan, euskara indartzeko. Oso harrera ona izan zuen, eta aurten, orduko lanketa aprobetxatu gura izan dugu. Eragile sare bat sortu dugu, hogei bat lagunekoa, eta gainontzekoak animatu ditugu ekimenarekin bat egitera. Barne ariguneak izango ditugu, gehienbat, eta xedea izango da hizkuntza ohiturak aldatzea. Izan ere, euskara ezagutza maila handia dugu eta erabilera ere nahiko handia, baina handiagoa izan daiteke. Euskara planarekin urteak daramatzagu lanean eta apurka-apurka bagoaz pausoak ematen. Plan horretan, euskararen ezagutza handitzea ere badaukagu jasota, baina, kasu konkretu honetan, helburu nagusia ohiturak aldatzea izango da. Gure enpresan, %80 inguruk ulertzen dute euskara. Lehen edizioan 123 izen-emate izan genituen eta orain 130 baino gehiago".

"Talde euskalduna lortu gura dugu"

Eskoriatzako feminista taldeko hainbat ordezkari. 

"Gizarte eragile guztiok bultzatu beharko genuke gure hizkuntza. Gu zazpi partaide gara, eta gehienetan euskaraz hitz egiten dugu, nahiz eta batzuetan gaztelerarako joera eduki. Egun hauetan, gure lehenengo hitza euskaraz izango da, gure artean zein kalean. Bi pertsona kili-kolo dabiltza euskararekin, baina asko ari dira saiatzen, izugarria da egiten duten lana. Helburua izango da talde euskalduna lortzea, eta jendearekin euskaraz egitea. Egun hauetan bereziki saiatuko gara gure taldeko lanak euskaraz egiten eta jendearekin euskaraz hitz egingo dugu".

"Ulertzen ez duenari, lagunduko diot"

Ainara Jorge, Arrasateko Traskilon dendako arduraduna.

"Nik betidanik hitz egin izan dut euskaraz, nahiz eta aitak gaztelaniaz hitz egiten duen. Euskaraz hitz egiten duen famila gara, hortaz, gure ingurukoekin eta baita lanean ere, euskaraz mintzatzen gara. Azkenaldian, batez ere, gaztetxoen artean, gaztelaniaz hitz egiteko joera handia dagoela ohartu gara eta uste dut Euskaraldiak euskararen erabilera berriz indartzen lagunduko duela. Beraz, Traskilon-en euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiten duten bezeroak ditut, baina, normalean, Arrasateko eta inguruko bezeroek euskaraz hitz egiten didate. Gaurtik aurrera ere, dendara etorriko direnei lehen hitza euskaraz egingo diet; ahal dudan guztietan, hala jarraituko dut. Euskaraz ulertzen ez duenari, bestalde, lagundu egingo diot euskararekin".

"Joera txikiak aldatu gura ditugu"

Aloña Mendiko futbol saileko hainbat ordezkari, Azkoagain futbol zelaian.

"Batzordeak gonbita egin zigun, Aloña Mendi elkarte moduan, Euskaraldiari atxikimendua adierazi eta arigunea sortzeko, eta onartu egin genuen. Egia da gure eguneroko funtzionamendua euskaraz dela ia %100ean, baina, batzuetan, gaztelaniarako joera txiki bat ere badaukagu bileretan. Hori dela eta, erabaki genuen ariguneen kontzeptua aproposa izan zitekeela zuzendaritza batzordean euskara are eta gehiago erabiltzeko, ziztada moduan. Hasiera batean, zuzendaritza taldeak eta koordinatzaileek osatuko dute gure arigunea, baina sail osora zabaldu dugu ekimenarekin bat egiteko aukera, ahobizi eta belarriprest moduan izena emanda. Ahozkotasunaz gain, paisaia linguistikoari dagokionez, esaterako, badaukagu zer hobetu, kartelak, aktak edo bestelakoak euskaraz egin ahal izateko aurrerantzean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak