Baltistan Fundazioa sarituko dute aurtengo 'Mendifilm' jaialdian

Hasier Larrea 2020ko aza. 18a, 21:51

'WOP-The Walk On Project' saria jasoko du nazioarteko lankidetzako Gobernuz Kanpoko Erakundeak. "Guretzat ohore ikaragarria da  mendizaletasunaren balioak aitortzen dituen sari hau jasotzea, eta zer esanik ez, aurreko urteetan jaso duten guztiekin partekatzea", aipatu dute sarituek.

Pakistaneko Karakorum mendi lerroan lan egiten duen Baltistan Fundazioak saria jasoko du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioan, abenduaren 4tik 13ra, Bilbon, egingo den sari banaketa ekitaldian. 'WOP-The Walk On Project' saria jasoko du zehazki, alpinismoaren balioen defentsa aitortuz ematen den saria.  "Gure ustez, Baltistan Fundazioak gutxik bezala islatzen du konpromisoa zentzu zabalean, jarduera alpetarra garatzen den testuinguruan", nabarmendu du Mikel Renteria WOP-eko zuzendari nagusiak.

Baltistan Fundazioak gure lurretik bultzatutako eta Pakistanen garatutako hainbat proiekturekin egiten du lan, ingurumenaren, laneratzearen, hezkuntzaren, duintasunaren, emakumearen eta osasunaren arloetan, besteak beste. "Horregatik jasoko du 2020ko saria, berea bezalako adibideak oso beharrezkoak direlako egun mundu mailan bizi dugun testuinguru berezian", dio Renteriak.

Baltistan Fundaziotik adierazi dute "ohore ikaragarria" dela  "mendizaletasunaren balioak, elkartasuna eta konpromisoa tarteko, aitortzen duen sari hau jasotzea, eta zer esanik ez, aurreko urteetan jaso duten guztiekin partekatzea". Saria Baltistan Fundazioa osatzen duten langile, boluntario eta eurekin momenturen batean izan diren pertsona eta erakunde guztiena dela aipatu dute, Baltistango kontrapartea barru. 

Fundazioari buruz

Baltistan Fundazioa 2001ean sortu zen Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioa izenarekin, Karakorumeko zortzimila metroko mendietako batean, Gasherbrum IIn hain zuzen, hil zen Felix Iñurrategi mendizalearen omenez. Sortzaileak bere lagunak, senitartekoak eta mendizaleak izan ziren eta hasiera batean oso helburu zehatzik gabe sortu bazen ere, garbi zuten hango biztanleentzat beharrezko azpiegiturak eraikitzeaz gain ezinbestekoa zela bertako giza-emakumeei euren gaitasunak lantzeko aukerak eskaintzea, garapen ekonomiko jasangarri eta berdintzaile berezkoa sustatu eta kudeatzeko gai izan zitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak