18 herrialde ezberdinetako 54 film lehiatuko dira Mendi Film festibaleko sail ofizialean, eta horietako bost euskal ekoizpenak dira; tartean, Artemanek eta Iñaki Peña medikuak –zuzendari eta gidoigile lanak egin ditu– ekoitzitako Mendian hil, hirian hil dokumentala. Hain zuzen, mendiko testuinguruan bizitzaren eta heriotzaren arteko hari finetik egiten du bidea lanak, eta ikusleari oroitzapenaren eta itxaropenaren aldeko mezua helarazten dio.
Mendian hil diren zenbait pertsonaren historiak jaso dituzte ikus-entzunezkoan: besteak beste, 2017an Pirinioetan hildako Mikel Crespo aretxabaletarraren senideen hitzak. Mendizale ospetsu eta esperientziadunak ere ageri dira dokumentalean; horien artean, Felipe Uriarte mendizale oñatiarra. Asier Altuna zinema zuzendari eta gidoigile bergararra ere epaimahaikideen artean izango da.
Estreinaldia, abenduaren 6an
Abenduaren 6an 19:00etan Bilboko Euskalduna jauregian eta 12an 19:15etan Azkuna zentroan ikusi ahal izango da Mendian hil, hirian hil. Sarrerak azaroaren 23tik aurrera eskuratu ahal izango dira Mendi Film festibalaren webgunean.