68 positibo erregistratu dira azken orduetan, bailaran

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 18a, 13:06

Herenegun baino hemezortzi kasu gehiago hauteman ziren atzo Debagoienean. Herriz herri, 37 izan dira Arrasaten atzemandakoak, hamalau Bergarakoak, sei Eskoriatzakoak, bost Oñatikoak, hiru Aretxabaletakoak , bi Elgetakoak eta bat Aramaiokoa.

Guztira, bailarako positibo metatuen zenbatekoa 3.159 igo da azken datuarekin. Martxotik hona, Debagoienean erregistratutako positiboen %47,2 Arrasaten hauteman dira, %19,1 Bergaran, %13,6 Oñatin eta %11,1 Aretxabaletan.

Mapa honetan daude atzoko datuak eta intzidentzia tasak jasota:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

83 heriotza gehiago

Osasun Sailak emandako datuaren arabera, hilaren 9tik 15era bitartean 83 pertsona zendu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala, dagoeneko 3.153 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian COVID-19aren eraginez.

Bestetik, atzo 17.744 test diagnostiko egin ziren Hego Euskal Herrian eta 1.208 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak: 459 Gipuzkoan, beste 459 Bizkaian, 158 Nafarroan, 122 Araban eta hamar bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Oinarrizko birsorkuntza datuari dagokionez, berriz, 1,01ekoa erregistratu zen Araban, eta 0,88koa Gipuzkoan.

Hego Euskal Herriko erietxeetan, 938 lagun daude guztira ospitaleratuta, azken datuen arabera. Atzo 101 ingresatu zituzten, eta orotara 195 dira ZIUn daudenak. Debagoieneko ospitalean, aldiz, hamazazpi dira ospitaleratuta daudenak, atzoko datuek diotenez.

"Kontzientzia pizteko" kanpaina

Gotzone Sagardui sailburuak Osasun Batzordeak eskatutako agerraldia egin du Iñaki Berraondo sailburuordearekin batera. Biek azaldu dute "hobera" egin dutela datuek aurreko astekoekin alderatuta, baina oraindik ez direla "nahi bezain onak". Sagarduik bere aldetik azaldu du LABIk hartutako neurrien eraginkortasuna "begi-bistakoa" izan dela, eta hartutako erabakiak "egokiak" izan direla.

Bestetik, abenduko ospakizunei eta Gabonei dagokienez, sailburuak esan du oraindik goiz dela erabakiak hartzeko, baina gaur arratsaldeko Lurralde arteko Kontseiluaren bileran gainerako gobernuek dituzten iritziak entzun nahi dituztela: "Badakigu birusak zer egin dezakeen hiru astetan, baina ez dugu begien bistatik galdu nahi gainerakoek egingo dutena". EH Bildurentzat, ordea, "arriskutsua" da, Gabonen inguruan aritzea, eta "mezu lasaigarriekin" kontuz ibili behar dela iritzi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.

Bukatzeko, Sagarduik aipatu du kanpaina bat abiatuko dutela herritarren "kontzientzia pizteko": "Iritzi pertsonala da, baina uste dut beldurra baino enbarazua eragiten duela birusak. Ez dugu ahaztu behar ospitalera edo heriotzara eraman gaitzakeela. Pertsona bat ZIUn egotea gizartearen porrotaren ondorio da".

EH Bilduren kritika, Gobernuari

Kanpainaren harira, EH Bilduk berria "pozik" hartu duela adierazi du Uberak, nahiz eta bere ustez "berandu" den. Halere, Gobernuari zenbait kritika egin dizkio. Alde batetik, beste lurraldeetan ematen diren zenbait datu ez direla ematen esan du Uberak; adibidez, positiboetatik zenbat diren sintomak izan dituztenak eta zenbat ez.

Bestetik, kirola eta gazteak ere izan ditu hizpide legebiltzarkideak. Besteak beste, azaldu du EH Bilduk "ez duela ulertzen" zergatik ezin den eskola kirolik egin, eta bestalde, gazteei "alternatibarik" eskaintzen ez zaiela salatu du: "Gazteak seinalatzen eta kriminalizatzen ari gara, eta ez zaie alternatibarik eskaintzen. Nora bideratzen ari gara gazteak?". Nerabeen "beharrak entzun" eta haiekin hitz egitea "komeni dela" azpimarratu du elgetarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak