Orain dela hamabost egun ezarritako neurri murriztaileak berrikusiko ditu bihar LABI aholku batzordeak

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 18a, 08:00

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak jakinarazi du LABIaren batzarra biharko, eguenerako, deitzeko asmoa duela Iñigo Urkullu lehendakariak. Azaroaren 5ean hartutako neurriak begiratzeko eta horiek izan duten eragina aztertuko dute. Era berean, tabernatan erositako edariak kalean ez kontsumitzeko eskatu du.

Hilabeterako izango zirela neurri horiek iragarri zuela lehendakariak gogorarazi du Zupiriak eta hamabost egunetara berrikusiko zirela. Hortaz, hartutako neurriek azken hamabost egunetan izan duten eragina aztertuko dute, baita osasun indikatzaileen bilakaera zein izan den ere.

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo esandako moduan intzidentzia tasaren eta ratioen bilakaera positiboa dela adierazi du Zupiriak ere, baina transmisio tasak altua izaten jarraitzen duela EAEn gogorarazi, 921 ingurukoa eta %8,9koa positiboen portzentaia. "Jaisten  badoaz ere datuek erakusten dute oraindik transmisio tasa altuko egoeran gaudela, oso urruti egoera normal batera bueltatzeko behar ditugun datuetatik, eta horrek eskatuko du neurri zorrotzekin jarraitzea oraindik. Izan ere, behar beharrezkoa da tentsioari eustea". Baina erabakia LABIk hartuko duela bihar zehaztu du bozeramaileak.

Gabonei begira ez direla jarri gaineratu zuen, eta neurrien eraginkortasuna aztertu beharko dela aurretik adierazi. 

Kalean jatea eta edatea saihestu

Taberna eta ostalaritza zerbitzuak ixtearen arrazoia jende bilkurak saihestea izan zela gogorarazi du: "Horren helburua zen, herritarrek ahalik eta denborarik gutxien izatea maskara kenduta". Gaineratu du gero eta gehiago ikusten dela kaleetan jendea elkartuta eta zaborrontzi inguruetan edalontziak eta zigarro hondakinak pilatuta: "Eta kalean ez litzateke jan eta edan beharko horrek arrisku bat dakarrelako. Terrazatan egin ezin dena lorategietan eta kaleko eserlekuetan ez dezagun egin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak