Atzora arte, 7.500 debagoiendarrek baino gehiagok zuten Euskaraldian izena emanda; eta horietatik ia gehienek ahobizi rola aukeratu dute ariketa egiteko: 6.400 inguru. Belarriprestak, aldiz, gutxiengoa izango dira, 1.100 inguru. Herrietako batzordeetako koordinatzaileek azaldu dute azken egun hauetan jende asko ari dela izena ematen, baina zeregin hori azken ordura arte ez uzteko gomendioa eman diete herritarrei. Izena eman duen jendearen profilari buruz galdetuta, Asier Kortabarria Bergarako koordinatzaileak azaldu du aurten badagoela jende berria; lehen edizioan parte hartu ez zuena. "Gainera, esaterako, 16 edota 17 urteko gazteak ere aurten arituko dira, estreinakoz", zehaztu du.
Asier Kortabarria, Bergarako Euskaraldia: "Osasun krisiaren testuinguruan euskarak bizi duen egoera zaurgarria da, itxialdiak kaltea eragiten dio"
Bajak ere izango dira aurten; izan ere, osasun krisiaren ondorioz "kezkatuta" dagoenik ere badago, "eta arrazoi horregatik posible da askok izenik ez ematea". Kortabarriak adierazi du osasun krisiaren testuinguruan euskarak bizi duen egoera "zaurgarria" dela, itxialdiak kaltea eragiten diolako hizkuntzari. Horregatik, "momentu zail honetan garrantzitsua da euskararen aldeko apustua egitea, eta Euskaraldian parte hartzea". Horretaz gain, batzordekideek gogora ekarri dute izena emateko orduan aukeratzen den rolak ariketa egiteko hartzen den "jokabidea" adierazten duela, "eta ez euskaraz egiteko gaitasuna". Euskaraldian parte hartzeko baldintza da gutxienez euskara ulertzeko gai izatea.
Ariguneak, kaltetuta
400ndik gora entitate edo entitatetako egoitza arituko dira, bestalde, Debagoienean. Barne eta kanpo ariguneak sortu dituzte entitateek, baina osasun krisiaren eraginez jarritako azken neurri murriztaileen eraginez arigune asko "desagertu" egin direla azaldu du Rosa Mondragonek, Aramaioko koordinatzaileak. "Entitateek izugarrizko inplikazioa erakutsi dute, hasieran animo askorekin ikusi genituen, baina egoera honetan asko bertan behera geratuko dira", aitortu du. Itxita dauden ostalaritza-establezimenduetan, esaterako, ezingo dute ariketa aurrera eraman. Halere, azaldu du ariguneetan aritzekoak ziren pertsona horiek norbanako gisa parte hartu ahal izango dutela Euskaraldian.
Rosa Mondragon, Aramaixoko Euskaraldia: "Entitateek izugarrizko inplikazioa erakutsi dute, baina egoera honetan asko bertan behera geratuko dira"
Egun hauetan ekintza ugari
Euskaraldiaren bueltako ekintza ugari antolatu dituzte datozen egunetara begira. Bergaran, esaterako, Euskaraldiak irauten duen bitartean Hikaldia ere eramango dute aurrera. Hala, hikalagunak bultzatuko dituzte Bergaran; hots, hitanoarekiko prestutasuna erakutsiko duen jendearen figura. "Horrek esan gurako du zenbaitek hitanoa praktikatuko dutela", zehaztu du koordinatzaileak. Horretarako, txapa hartzeaz bat h letra daraman itsasgarri bat hartu ahal izango dute bergararrek.
Aramaion, bestalde, Euskaraldian parte hartuko duten komertzioei itsasgarriak banatuko dizkiete erakusleihoan jartzeko. Itsasgarri pertsonalizatuak izango direla zehaztu du Mondragonek, "jendeak jakin dezan ariketan parte hartzen ari direla".
Arrasaten ere antzeko zerbait egingo dute. Ibai-arteko saltokietako erakusleihoetan Euskaraldiko logotipoak jarriko dituzte, eta egun bakoitzean, abenduaren 3ra bitartean, erakusleiho horietan dragoia ere aurkitu ahal izango da. Logotipoa eta dragoia, biak dituzten erakusleihoei argazkia atera behar zaie eta 688 73 41 49 zenbakira Whatsappez bidali. Argazki gehien bidaltzen dituzten hiru parte-hartzaileek 100 euro jasoko dituzte Ibai-arteko erosketa-bonuetan, eta beste 100 euro zozketatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean.