Renee Harbustan: "Gazteak dira etorkizuna eta euskara gordetzeko gakoa"

Jone Olabarria 2020ko aza. 13a, 11:11

Zuberoako ikastolei lagundu eta bertako ekoizpenak ezagutzera emateko asmoz, eskuragarri daude, beste behin, Zuberoako produktuekin egindako otarreak. Ekimenak aurten duen "garrantzi berezia" azpimarratu eta euskarak bertan bizi duen egoeraren berri eman du Arrasaten bizi den Renee Harbustan barkoxtarrak.

2003an hasi zenuten ekimen hau zein asmorekin abiatu zen?

Iparraldeko kasuan, euskarak eta ikastolek ez dute babes ofizialik, irakasleen lana baino ez du ordaintzen Gobernuak, beste guztia gurasoen kontura doa. Finantzaketa-iturri garrantzitsua dira, materiala erosi edo ikastolako zerbitzuei aurre egin ahal izateko

Aurten, diru-iturri bereziki garrantzitsua izango da otarreetatik lortutakoa...

Larria da egoera aurten diru kontuei dagokienez Zuberoako ikastoletan. Otarreetatik lortutako laguntza izango da, hain zuzen ere, diru iturri bakarra. Aurreko urteetan, pastoralak, maskaradak eta bestelako iturri batzuk ere izan dira.

Zein da une honetan euskarak bizi duen egoera Zuberoan?

Euskararen erabileraren datuak ez dira batere onak, bizirik irauteko nahiko zailtasun ditu. Gazteek ez dute askorik erabiltzen egunerokoan, eta ikastolek egiten duten lana funtsezkoa da. Gazteak dira etorkizuna eta euskara Zuberoan gordetzeko gakoa.

Euskararen erabilerari dagokionez, azken urteetako tendentzia zein izan da?

Nahiz eta askok euskaraz jakin, gazteek, orokorrean, frantsesez egiten dute. Asko galdu da gure belaunalditik gaur egungo gazteengana; lehen, dena euskaraz egiten genuen. Gazteak ikusten ditut eta pentsatzen dut: "Zerbait ari zarete galtzen, ez al zarete konturatzen altxor bat galtzen ari zaretela?". Hizkuntza bat galtzerik ezin dugu onartu.

Nolako lana egiten da Zuberoako ikastolen bueltan?

Lan izugarria egiten dute; lehen hemen ikastolek funtzionatzen zuten bezala egiten da lan oraindik ere Zuberoan, militantzia handikoa da. Ezin da hango eta hemengo egoera alderatu, hango lanak meritu izugarria du. Zuberoan 14.000 biztanle baino gutxiago dira egun, eta, azken ikerketen arabera, 3.000 inguruk egiten dute egunerokoan euskaraz; gehienak adineko pertsonak, gainera, nahiz eta gazte gehiagok euskara ulertzen duten. Egoera horretan, funtsezkoa da euskara gordetzea. Zorionez, azken urteetan gero eta ume gehiago daude ikastoletan Zuberoan.

COVID-19ak baldintzatuta, baina hasiak zarete salmentarekin...

Abenduaren 10ean eta 11n aurreikusten dugu banaketa egitea, baina COVID-19ak eragozten badu aldaketaren bat egon daiteke. Hala balitz, zuzenean produktuak erosi dituen pertsonarekin harremanetan jarriko dira antolakuntzatik.

Zer aukera dago aurten?

Hiru saski ezberdin daude: Ahüzki, Irati eta Orhi saskiak; 40, 55 eta 70 euroko prezioa dute, hurrenez hurren. Guztiak Zuberoako produktuekin egindakoak dira, ikastolei laguntza eman soilik ez, bertako produktu eta ekoizpenak ezagutzera emateko. Iaz, 1.600 saski saldu eta 17.000 euroko dirulaguntza eskuratu zuten ikastolek.

Nola egin daiteke eskaera eta Debagoienean non jaso daiteke?

Eskaerak Ikaskoli.eus webgunearen bitartez egin daitezke eta bailaran ere badira hainbat banaketa puntu: Arrasateren kasuan, AEDren lokalean eta Ereindajan dendan jaso daitezke saskiak; Bergaran, Jardun euskara elkartearen egoitzan; eta Oñatin, Txantxiku ikastolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak