Jaurlaritzak diru publikoarekin egin duen kudeaketa salatu du Sortuk Bergaran

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 7a, 14:43
'Non dago gure dirua?' lelopean egindako manifestazioa epaitegi aurreko ekitaldiarekin amaitu da.

Ehun bat lagun elkartu dira Non dago gure dirua lelopean Sortuk egindako elkarretaratzeetan. Bergaran, azokatik abiatu dute mobilizazioa 12:30ean, eta epaitegi aurrean amaitu dute. Arrasaten 19:00etan egin dute elkarretaratzea, eta kapitalari erantzukizun sozialak eskatzeko unea dela adierazi dute, besteak beste.

"Pandemia gogor kolpatzen ari da Euskal Herrian eta Bergaran", irakurri du Maren Belastegik ekitaldiari amaiera eman aurretik. "Osasun zerbitzuak kolapsatzear daude, ikastetxeetan dauden baliabideekin nekez ari gara gure haur eta gazteak hezten, Bergarako komertzioa itotzeko zorian dago eta enpresa txiki askoren etorkizuna iluna da, langabezia eta prekarietatea hedatzen ari direlarik".

Kapitalari erantzukizun sozialak eskatzeko unea dela aldarrikatu dute Bergarako Sortutik azokatik epaitegietarako bidea binakako lerroan egin ostean.

Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu diote pandemia garaiotan lehentasunak aldatu ez izana. "Diru publikoa eta Europatik iritsiko diren laguntzak mega-proiektuetan erabiltzen ari dira –AHT, errauskailua, Supersur, Donostiako metroa– diru publikoa multinazionalei oparituz. Aurten AHTan pandemiari aurre egiteko baino diru bikoitza erabiliko da.  Osasun publikoan eta hezkuntzan ez dira pasa de urtean baino diru gehiago erabiltzen ari. Komertzioari eta ostalaritzari miseria bakarrik eskaintzen diete eta langile klasearen bizi eta lan baldintzak okerrera doaz".

"Non dago gure dirua?" aldarrikatu dute ekitaldian, eta iragarri dute hurrengo asteak eta hilabeteak gogorrak izango direla. "Horregatik, ezker abertzaleko oinarri sozial osoari eskari bat egin nahi dizuegu: prestatu zaitezte gure onena emateko (...) Mobilizatzeko eta zaintzeko garaiak izango dira, mobilizatu beharra daukagu bestela gure gainetik, gure eskubideen gainetik pasatuko direlako".

Hurrengo egun eta asteetan herriko norbanakoekin eta eragileekin batera zaintza sare komunitarioak antolatzeko ahalegina egingo dutela iragarri dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak