Arrasateko Sortuk azpimarratu du krisiaren ardura gobernuarena dela

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 7a, 20:30

Sortuk mobilizazioak deitu ditu hainbat herritan; tartean, Bergaran eta Arrasaten. Bertan, Jaurlaritzaren kudeaketa salatu dute, eta diru publikoa gastu publikoan inbertitzeko eskatu dute.

Arrasaten elkarretaratzea egin dute 19:00etan, herriko plazan. Sortuk salatu du pandemiak eragindako krisiaren "ardura osoa" herritarrengan jarri duela Jaurlaritzak, eta ardura haiena dela: "Ardura nagusia  etxeko-lanak egin ez dituzten gobernuena da. (...) Ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan,  hezkuntzan eta laguntza sozialetan. Kontrara, Koronabirusa gainditutzat eman dute erlaxamendu orokorra  bultzatuz, interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan". 

Azken ideia horri lotuta, salatu dute Jaurlaritzak ez duela behar bezala kudeatu diru publikoa: "Ez dezatela esan dirurik ez dagoela, zeren badago. Esaterako aurten, Eusko Jaurlaritzak AHTan  pandemia borrokatzera bideratutakoa baino miloi bikoitza bideratuko du". Horren aurrean, ezinbestekotzat jo dute osasunean inbertsio publikoak biderkatzea, eta baita sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenak babesteko  laguntza ekonomikoak biderkatzea ere: ostalariak, kulturgileak, hezkuntza... "Krisi hau ezin dugu betikoek ordaindu", gaineratu dute.

Aurreko asteburuko istiluak, hizpide

Iragan zapatuan Arrasaten izandako gertaerak ere gogora ekarri dituzte gaur, eta eskuin muturrari egotzi dizkiete istiluak: "Aurreko larunbatekoa bezalako deialdia zabalduz, eskuin muturra antolatu gabe dagoen herri  batean, egoerak eragindako ezinegon eta frustrazioak beraien interesen alde erabili nahi izan dituzte". Sortuk azpimarratu du eskuin muturrak pandemiak eragindako krisia baliatu  nahi duela "bere agenda indartzeko".

Mobilizatzen jarraitzeko deia

Aste gogorrak datozela iragarri du Arrasateko Sortuk, eta horren aurrean, elkar zaintzeko,  arduraz jokatzeko eta mobilizatzen segitzeko deia egin dute."Herri honek duen sen komunitarioa, gure baliorik onenak aktibatzeko garaia da berriz ere: elkartasuna, auzolana eta interes indibidualen gainetik, interes kolektiboen alde dena ematea. Hori da esperantzaren atea  zabaltzeko giltza", esanez bukatu da elkarretaratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak