'Belarriprest' bezala izena emateko deia egin dute Euskaraldiko antolatzaileek

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 6a, 13:59

Bi aste falta dira Euskaraldia hasteko, eta ariketa egiteko "oinarri sendoa" dagoela azaldu dute, gaur Bilbon egindako agerraldian: 421 udalerritan egingo da ariketa, eta 25.000 arigunetik gora osatu dira 6.800 entitatetan. 

Agerraldian norbanako bezala izena emateko aukerak irekita jarraitzen duela gogorarazi dute, eta, bereziki, belarriprest izan ala ez zalantzan dauden herritarrei luzatu diete proposamena: "Momentuz aktibatu diren herritarren gehiengoak ahobizi izatea erabaki du, eta ariketa egiteko bi rolak dira beharrezkoak". Gehitu dute belarriprest rolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzen duela, euskaraz gehiagotan egiteaz gain, ingurukoei hala aritzeko gonbidapena egiten dielako.

Bestetik, azaldu dute COVID-19aren pandemiak Euskaraldian ere eragina duela. Zehazki, esan dute eguneroko harremanetan "hizkuntza inertziak astintzea" eta "euskararen erabilera areagotzea" dela ariketaren helburua, baina pandemiak harreman horiek mugatzen dituela. "Kalean presentzia gutxiago izango dugun arren, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea posible da, eta Euskaraldia egin egingo da", azpimarratu du Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak. 

Illarok esandakoaren bidetik, (harremanak, kaleko ekintzak eta ekitaldiak mugatuta egongo direla-eta) beste formula batzuk ere aurkeztu dituzte ariketa soziala bistaratzeko. Alde batetik, lehen edizioan bezala, belarriprest eta ahobiziek rola adierazten duen txapa erabiliko dute. Bestetik, ariguneak identifikatuko dira euskarri fisikoak erabilita, eta horrez gein, leiho, balkoi eta erakusleihoetan Euskaraldiko ikurrak eta banderak jartzeko proposamena ere egin dute.

Izena emateko hiru modu

Ahobizi edo belarriprest izateko, Euskaraldiko webgunean eman daiteke izena, baina baita herrietako batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan ere. Gainera, horiez gain, aukera dago telefono mugikorretarako sortu den aplikazioa erabiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak