Andoni Mutiloa: "Gure benetako nortasunarekin bat egiteko eta hori egunerokoan bizitzeko gonbidapena da 'Esnatu naiz' kabareta"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko aza. 5a, 08:42
Andoni Mutiloa 'Esnatu naiz' kabaretean.

Hernaniarrak domekan eskainiko du ikuskizuna, Elgetako antzokian. Debagoienan egiten duen lehen emanaldia izango da eta Trans kolektiboko kide bat da ikuskizuneko protagonista. 50 minutuko saioa izango da, 18:30ean hasita. Sarrera doan da, baina erreserbarekin.

Zein mezurekin dator Esnatu naiz kabareta?

Gauza askori buruz ari gara kabaret honetan, eta tartean gonbidapen bat dago. Gonbidapen bat gure benetako nortasunarekin bat egiteko, eta hori egunerokoan bizitzeko. Hori da ikuskizun honek daukan mezu nagusienetako bat. Sarri, ez da erraza hori lortzea; izan ere, egunerokoan errealitate horrek talka egiten du gure ingurunearekin. Gertatzen diren talka horien inguruko gogoeta ere bada Esnatu naiz kabareta.

Nor da Elur eta nola iritsi da Londresko Pink Flamingo klubera?

Ikuskizuna hasten denean Londresko Pink Flamingo klubean gaude. Bertako artista ezagunena Elur da. Lortu du bere ametsa; artista da eta show bat du gauero, baina zerbait gertatuko zaio domekan, eta publikoarekin hitz egiten hasiko da. Bere bizipenak kontatuko ditu, eta horrekin batera nondik datorren, eta Elur artistaren atzean nor dagoen jakingo dugu. Hala, Pello ezagutuko dugu. Euskalduna eta baserritarra da. Gipuzkoako herri txiki batekoa da, eta kontatuko digu nola hamar urte lehenago atzerrira alde egitea erabaki zuen bere herri txikian ezin zelako bera izan. Pellok bere ibilbidea kontatuko digu.

Elgeta Gipuzkoako herri txiki bat da.

Bai, horregatik ilusio handia egiten dit domekan Elgetan egoteak. Gipuzkoako beste herri txiki batzuetan ere izan gara. Esaterako, Adunan, Zestoan, Altzon… Eta ahalegin handia egiten ari gara Esnatu naiz kabareta herri txikietara heltzeko. Ez da kasualitatea. Uste dut Gipuzkoako edozein herri txikitan badugula errealitate hau. Zoritxarrez, oraindik ere bai, gaur egun.

Errealitate honi ikusgarritasuna ematea da ikuskizunaren helburuetako bat?

Nire ustez ezinbestekoa da errealitate hori zabaltzea, eta horren inguruko gogoeta egitea. Herri txikietan ere bai. Xelebreena da, gainera, halako herrietan jende askok ez dituela dibertsitateak ikusten. Arrazoia ez da ez dagoela LGTBI kolektiboko pertsonarik herri txikietan. Arrazoia da ez dutela ikusgarritasunik. Ezin dituzte lasaitasunez eta modu irekian bizi beren nortasuna eta identitate sexuala, eta hori horrela askok herritik alde egitea erabakitzen dute. Hori oso tristea eta gogorra da. Pixkanaka gauzak badoaz aldatzen, baina bide luzea dugu egiteko oraindik. Hori ere transmititu nahi dugu ikuskizunaren bitartez.

Dokumentazio lan handia egin duzu ikuskizuna osatzeko?

Sortu dugun istorioa fikzioa da, jakina. Aldi berean, asko du niretik. Ez da autobiografikoa, baina nik bizi izandako gauza asko daude ikuskizunean. Iruditzen zait Pellok eta biok oso antzeko bidea egin dugula. Agian nire bizipenak ez dira hain muturrekoak izan. Hernaniarra naiz, eta ez da hain herri txikia. Ez nuen Londresera alde egin, baina Donostiara joan nintzen bizi izatera. Eta oso ondo ulertzen dut Pellok zergatik hartu zuen erabaki hori. Eta oso ondo ulertzen dut zergatik, gaur egun oraindik ere, jende askok hautu hori egiten duen.

Dantza, antzerkia, kantua, umorea, drama… Denetik dago Esnatu naiz kabaretean.

Horregatik du kabaret formatua. Kabaretak oso ondo nahasten ditu bai komedia bai drama, eta argi nuen ikuskizun honetan proposatzen dugun gaia serioa eta sakona dela, eta euskal gizarteari egiten zaion kritika bat ere badela. Baina ez nuen bakarrik alde ilun hori islatu nahi. Azken urteotan aukera izan dut LGTBI kolektiboko jende asko ezagutzeko, eta bereziki Trans kolektiboko jendea. Ikusi dut badutela alde bat oso distiratsua, alaia, sortzailea… Ondo pasatzeko gogoz dagoen jendea da, bizitzaz gozatzen dute… Eta hori ere sartu nahi nuen kabaretean.

Eta bai, dantza, antzerkia, kantua… Horiek ere denak nahastu ditugu. Modu egokiena iruditu zaigu islatu nahi genituen gauza guztiak islatu ahal izateko.

Ez da antzerako proposamen bat egiten den lehen aldia, baina halakoak ikusteko aukera ere ez da hain handia izaten.

Ez, ez da lehenengo kabareta euskaraz. Egon dira eta badaude, baina ez da batere ohikoa, egia esan. Gero, ikuskizunaren gaiari dagokionez, ez da lantzen den lehenengo aldia, baina egia da LGTBI kolektiboaren barruan Trans kolektiboa izango duela ikusgarritasun txikiena duen taldeetako bat. Beraz, taula gainean ikustea kabaret bat non Trans kolektiboak duen protagonismoa, eta gainera euskaraz… Ba, aukera handia ez da egoten.

Ikuskizun horiek, gainera, herri handietan taularatu ohi dira, eta ez da kasualitatea. Uste dut gure ikuskizuna eskaintzeko lekurik ederrenak herri txikiak direla, hain zuzen ere, duen mezua zabaltzeko.

Azken hitzak ikusleei zuzenean zuzenduak izango dira. Ze aldarte gomendatzen duzu ikuskizunerako?

Ondo pasako dugu eta ikuskizunak zer pentsatua emango digu, ziur. Beraz, gerturatu kabaretaz eta aisialdiaz gozatzera. Kultura kontsumitzaile naizen aldetik asko eskertu ditut, bereziki garaiotan, buruan hain sartuta dauzkagun gaiak –birusa, pandemia, bigarren olatua, itxialdi posible bat…– tarte batez alde batera utzi eta oso bestelako gaiez aritzeko aukera eman didaten kultura eskaintzak. Uste dut, gainera, bizi dugun egoera honetan jendeak baduela beharra egunerokotik deskonektatzeko eta antzerako aisialdi eta kultura aukerez gozatzeko.

Eta etorri antzokira burua zabalik. Hala etorrita ziur nago zerbait interesgarria jasoko dutela.

Azkenik, gonbidatu nahi ditut baita ere Elgetarekin mugakide diren herrietako ikusleak. Egoera ez da erraza baina Bergaratik, Eibartik… mugitu daiteke Elgetara. Ondo pasako dugu.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak