Hiru antzezlan eta argazki lehiaketa, azaroa girotzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urr. 31a, 09:30

Andoni Mutiloa 'Esnatu naiz' kabareta eskaintzen.

Domeka kulturalak 2020 egitarauaren baitan Udalak iragarritako lehen ikuskizuna Esnatu naiz kabareta da. Sarrera doan da, baina leku mugatua dagoenez erreserba egin behar da hemen.

Andoni Mutiloak egiten du Esnatu naiz kabareta, eta azaroaren 8an izango da Espaloia kafe antzokian, 18:30ean. Antzerkia, dantza eta musika uztartuz, hainbat gaien ingurua hausnartzeko aukera ematen du antzezlanak. Ikuskizun honetako protagonista Elur da, trans kolektiboko artista. Londresen bizi da. Kabaret honetan artistaren atzean ezkutatzen den pertsona ezagutzea lortuko dugu: Pello, euskalduna eta baserritarra.

Beste bi ikuskizun azaroan

Hurrengo domekan, azaroaren 15ean, Zirika Zirkus taldearen Eolo68 haur ikuskizunaren txanda izango da. Eolo izaki bizi eta xelebreak hegaldi luze bat hasiko du abentura berrien bila. Alabaina, hegazkin txikiko motorra matxura egingo zaio eta ezbeharraren ondotik kutxa beltz baten barruan esnatuko da. Han, irudimena hegan egiten utzi beharko du mundu berri eta zirraragarrietara eramango duen haize ufadaren zain.

 

Azkenik, azaroaren 22an Naita Produkzioak taldearen Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean antzezlana izango da Elgetan. La casa de Bernarda Alban oinarritutako antzezlana da. Gaur egun ditugun erreferenteekin nola ulertzen dugu Lorcaren klasikoa? Umore ukituak dituen drama bat da, musikala, groteskoa eta poetikoa mundu itxi, sakon eta itogarria gogora ekarriz.

 

Hiru saioak Espaloian izango dira, 18:30ean. Sarrerak doan dira, baina, lekua mugatua denez, aurrez egin behar da erreserba hemen.

Argazki erakusketa

Argazki lehiaketa ere iragarri du Udalak azarorako; lau gai argitaratuko dituzte Elgeta.eus atarian azaroaren 1ean, eta azaroaren 30erako aurkeztu beharko dira lau argazki danonartian@elgeta.eus helbidera. Elgetan erabiltzeko 50 euroko bonua jasoko du irabazleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak