Leintz Gatzagan salbu, Debagoieneko gainerako herrietan baieztatu dira kasu berriak, azken 24 orduetan: 23 izan dira Bergaran, hamazazpi Arrasaten, hamar Oñatin, bost Aretxabaletan, lau Eskoriatzan, bi Antzuolan eta bana Aramaion eta Elgetan. Osasun Sailaren datuak oinarri hartuta, guztira 2.202 debagoiendar kutsatu dira martxotik hona, eta ehunekotan, ia erdiak arrasatearrak dira; %49 alegia. Hurrengoak, aldiz, bergararrak dira; izan ere, bailaran kutsatutakoen %17,5 dira. Eta bestetik, oñatiarrek %13,3a osatzen dute, eta aretxabaletarrek %11,7a.
Honako mapa honetan daude, herriz herri, atzo atzemandako positiboak, guztira metatutakoak eta intzidentziari dagozkion zenbatekoak. Bestalde, gogoratu behar da koloreak Jaurlaritzaren semaforoaren sistemaren araberakoak direla, eta haiek markatutako irizpideen arabera, 5.000 biztanletik beherako herriak ez direla aintzat hartzen.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
46 heriotza astebetean, EAEn
Gaur jakinarazi du Jaurlaritzak urriaren 26tik azaroaren 1era 46 pertsona hil direla EAEn, COVID-19aren eraginez. Hala, zenbateko horrekin eta Nafarroako atzoko hamar heriotzekin batera, 2.879 heriotza erregistratu dira Hego Euskal Herrian, pandemia hasi zenetik.
Bestetik, Hego Euskal Herrian atzo 19.418 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo erkidegoan, eta 1.765 kasu baieztatu zituzten; hau da, proben %9,1ak eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %8,93ak Nafarroan. Lurraldeka, 630 positibo hauteman ziren Gipuzkoan, 623 Bizkaian, 340 Nafarroan, 163 Araban eta bederatzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bukatzeko, Jaurlaritzak gaur argitaratutako buletinean, ez dira erietxeetako datuak jakinarazi, eta hortaz ezin da jakin atzo ospitaleratutakoen zenbatekoa, ezta guztira ingresatuta daudenena ere. "Berandu goaz arazo teknikoengatik, baina ez dago kolapso egoerarik", azaldu du Sagarduik. Baina, ostera, aurreratu dute ZIUn 107 lagun daudela, eta Nafarroan bestetik 60; hortaz, guztira, 167. Gainera, datozen egunetan ZIUetako egoerak "okerrera" egingo duela aurreratu du sailburuak.
Neurriak zorrozteko aukera asko
Bihar batuko da LABI batzordea pandemiaren bilakaeraren azterketa egiteko, eta bertan, neurri berriak adostuko dira; ondoren, Lehendakariak emango du horien berri. Gaur agerraldia egin du Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta egoera "kritikoa" dela esan du; hala, gehitu du litekeena dela bihar neurriak "gehiago zorroztea".