Guztira 186 positibo berri baieztatu dira bailaran azken hiru egunetan, eta egubakoitzeko, zapatuko eta atzoko zenbatekoak batuta, 72 izan dira Bergaran, 51 Arrasaten, 31 Oñatin, hamabi Antzuolan, bederatzi Eskoriatzan, zortzi Aretxabaletan eta hiru Elgetan. Zapatua izan zen zenbateko altuena erregistratu zen eguna –inoizko altuena–, izan ere, herri guztietako positiboak batuta 76 izan ziren. Egubakoitzean, berriz, 55 eta atzo ere beste 55.
Herrietako errepasoa egiteko, honako taula honetan daude asteburuan atzemandako kasuak, martxotik hona metatutakoak, eta 1.000 biztanleko atzeman diren kutsatzeak. Dena den, azpimarratzekoak dira asteburuan zehar gainditutako langak ere: Arrasateko kasuan, 800 kasuen langa gainditu da, Bergaran 500ekoa, Oñatin 300ekoa eta Atzuolan 100ekoa.
HERRIA | ASTEBURUKO POSITIBOAK | DATU METATUA | 1.000 BIZTANLEKO |
Bergara | +72 | 521 | 34,72 |
Arrasate | +51 | 841 | 38,13 |
Oñati | +31 | 318 | 28,01 |
Antzuola | +12 | 106 | 48,16 |
Eskoriatza | +9 | 83 | 20,42 |
Aretxabaleta | +8 | 188 | 26,49 |
Elgeta | +3 | 25 | 21,95 |
Aramaio | 0 | 19 | 12,62 |
Leintz Gatzaga | 0 | 1 | 4,00 |
GUZTIRA | +186 | 2.102 | 32,50 |
Egunez egun, egubakoitzean, Bergaran (20), Arrasaten (13), Oñatin (12), Antzuolan (4), Eskoriatzan (3), Aretxabaletan (2) eta Elgetan (1) hauteman zituzten 55 kasuak. Zapatuan, aldiz, guztira 76 izan ziren, Bergarakoak (27), Arrasatekoak (20), Oñatikoak (15), Eskoriatzakoak (5), Aretxabaletakoak (4), Antzuolakoak (3) eta Elgetakoak (1) batuta. Eta, bukatzeko, atzo ere 55 izan ziren, Bergarakoak (25), Arrasatekoak (18), Antzuolakoak (5), Oñatikoak (4), Aretxabaletakoak (2) eta Eskoriatzakoak (1) gehituta.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
162 lagun ZIUn
Atzo egindako 16.957 PCR eta antigeno probek 1.497 positibo hauteman dituzte Hego Euskal Herrian; proben %7,8ak eman du emaitza positiboa EAEn eta %11,7ak Nafarroan, hain zuzen ere. Horietatik 525 izan dira Nafarroan, 520 Bizkaian, 368 Gipuzkoan, 64 Araban eta 20 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Halere, oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuz gero, 1,13koa da Araban eta 1,05ekoa Gipuzkoan.
Ospitaleetan, guztira 1.000 lagun daude ingresatuta, eta horietatik 63 atzo ospitaleratu zituzten. Bestetik, kezkagarria da ZIUen egoera, izan ere 162 lagun daude bertan; pandemiako zenbateko larrienetarikoa.
600 lagun EAEko miaketa sarean
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak bestalde, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu du legegintzaldi honetan abiatuko den osasun plana. Sailburuaren esanetan, erronka nagusia pandemiari aurre egiten jarraitzea den arren, "kalitatezko osasun publiko unibertsaleko euskal sistema" finkatzea da helburu nagusia: "Lehen mailako arreta sustatzea eta sendotzea, koordinazio soziosanitarioaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, osasun-arloan ikerketako eta berrikuntzako berezko ekosistema garatzen jarraitzea…"
COVID-19ari dagokionez, bilakaera "oso kezkagarria" dela esan du Sagarduik, baina era berean, Zaintza eta Miaketa Sareak egiten duen detekzio goiztiarraren ahalegina nabarmendu du: "Dagoeneko, 600 pertsona baino gehiago ari dira lanean". Eta alderdi ekonomikoari erreparatuta, 338 milioi euroko gastua egin du Eusko Jaurlaritzak gaitzari aurre egiteko.
Bukatzeko, sailburuak "erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" eskatu ditu. "Bakoitzak bere esku dituen tresnak erabili behar ditugu: urruntze soziala, maskararen erabilera, eskuen higienea, elkartasuna, ez fidatzea eta espazio itxien aireztapen egokia", gehitu du.