Azken orduetan 49 positibo baieztatu dituzte Debagoienean; 21, Bergaran

Uxue Igarza Loiola 2020ko urr. 30a, 13:09

Osasun Sailaren arabera, 1.918 dira guztira pandemia hasi zenetik kutsatutako debagoiendarrak, eta horietatik 49 atzo hauteman ziren: 21 kasu baieztatu zituzten Bergaran, hamabi Arrasaten, sei Oñatin, bost Aretxabaletan, hiru Eskoriatzan eta bi Antzuolan.

Herenegun baino hiru kasu gutxiago badira ere, zenbateko handia da atzo bailaran erregistratu zena, eta erakusten du joera ez dela aldatu. Datu kezkagarriena izan duen udalerria Bergara da, eta azken egunetako gorakadari lotuta, PCR probak egitera deitu dituzte 13 eta 40 urte arteko bergararrak.

Udalerri guztietako azken positiboak, kasu metatuak eta intzidentzia datuak daude txertatuta mapa honetan. Horrekin batera, gogoratu behar da Osasun Sailak 5.000 biztanletik gorako herrietan soilik aplikatzen duela semaforoaren sistema; horreagatik daude kolore grisarekin bailarako hainbat herri.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Erkidegoari dagokionez, atzo 16.237 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietatik %8,2ak eman zuen emaitza positiboa. Hala, guztira, 1.325 positibo berri atzeman zituzten: 605 Bizkaian, 570 Gipuzkoan, 140 Araban eta hamar bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, kutsatzeen bilakaera aztertzeko, oinarrizko birsorkuntza datua eman du Jaurlaritzak: 1,23koa erregistratu zen Araban eta 1,11koa Gipuzkoan.

Bestalde, ospitaleratze berriak 63 izan ziren atzo EAEko erietxeetan, eta 479 lagun daude guztira ingresatuta. Horietatik 84 dira Zaintza Intentsiboetako Unitatean daudenak.

Nafarroako datuak, eguneratzeke

Nafarroako Osasun Sailak datuak jakinarazi ahala osatuko da albistea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak