Udalak jakinarazi duenez, probak egitea kutsatzeen bilakaeran eragin ahal izateko "modu eraginkorra" dela uste du, eta 13 eta 40 urte arteko bergararrei gonbita egin die Osasun Zentrora bertaratzeko.
Horretarako, aurrez hitzordua egin beharko da 943 03 54 00 edo 900 20 30 50 zenbakietara deituta, eta esan bezala, probak Bergarako Osasun Zentroko Errehabilitazio Zerbitzuan izango dira: gaur, 16:00etatik aurrera egingo dira, eta bihar, hilak 31, goizez eta arratsaldez. Emaitzak, bestetik, mugikorrera bidalitako SMS bidez jakinaraziko dira –72 orduko epean–, eta positibo emanez gero telefonoz ere deituko da.
Ikasleak ikastetxeetatik bideratuko dira
Udalak azaldu du ikasleak ikastetxeen bidez bideratuko dituztela probak egitera: "Ikasleei egingo zaizkien frogetarako hitzordu propioa jarriko da eta Osakidetzak ikastetxeen bitartez kudeatuko du". Era berean, zentroak izango dira gurasoekin harremanetan jarriko direnak. Hala, Udalak azpimarratu nahi izan du ez dela komeni ikasleak gainerako herritarrekin batera probak egitera joatea, esan bezala, ikastetxeek bideratuta, haientzat izango diren hitzordu propioak izango dituztelako.
Era berean, Antzuolako Udalak argitu du Bergaran ikasten duten antzuolarrak eta elgetarrak ere probak egitera deituta daudela eta haiek ere ikastetxeen bidez egingo dituztela.
Proba egin ostean kontuan hartzekoak
Osakidetzak argitu nahi izan du PCRaren emaitza jakin arte, komenigarria dela gizarte-harremaneko jarduerarik ez egitea, eta maskara erabiltzeari eta segurtasun-distantzia mantentzeari "arreta jartzea".
Bestetik, gogorarazi du COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– etxeetan isolatu eta osasun-zentrora deitu behar dela.