Alarma egoeran udaltzainek eta ertzainek jarraituko dituzten irizpideak zehaztu dituzte

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 28a, 14:25

Alarma egoerako jarraibideak arautzen dituen dekretua urriaren 26tik dago indarrean. Horrek hainbat zalantza sortu ditu herritarrengan eta argitzeko, udaltzainek eta ertzainek erabiliko dituzten irizpideen berri eman du Jaurlaritzak.

Ohiko bizilekutik atera al naiteke azalera handiko edo antzeko gune batera erosketak egitera joateko?

Elikagaiak edo baimendutako beste produktuak udalerrian bertan edo mugakide diren udalerrietan eros daitezke. Bizilekuan edo mugakide den herrian ematen ez diren zerbitzu eta horniduretarako, salbuespen gisa, bizilekutik hurbilen dagoen azalera handiko gune batera edo antzeko batera joatea baimenduko da.

Mugikortasunari dagokionez, zer da udalerri mugakidea?

Bizilekuaren ondoko udalerria da. Zuzenean sartzen da bertara, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro gabe.

Udalerritik kanpoko adinekoen egoitzetara joan al naiteke?

Bai, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan baldin badago, eta zentroak berak baimendutako bisita baldin bada.

Posible al da espetxeetara joatea?

Bai, beti ere Espetxe Agintaritzak emandako baimena izanez gero. EAEtik kanpoko kartzela bat baldin bada, lurralde horretako Gobernuak horretarako aukera eman beharko du.

Autoa tailerrera eramateko edo kontzesionariora joateko bizilekutik irten naiteke?

Bai, atzeraezinak eta nahitaezkoak diren kasuetan.

Baimenduta al dago zerbitzu erlijiosoetara edo kultur-zerbitzuetara joatea?

Bai, salbuespen gisa, bizi den udalerrian ez daudenean eta beti ere hurbilen dagoen lekura.

Udalerritik kanpo irten naiteke erosketak egiteko, esaterako, haragia erosteko?

Bai. Bizi den udalerriak ez badu zerbitzu hori, aipatutako zerbitzua duen udalerritik hurbilen dagoen udalerrira joan ahal izango da.

Joan al naiteke pertsona bat jasotzera aireportura edota geltokira?

Bai, bere bizilekura itzultzeko bakarrik bada.

Bisitatu al ditzaket mendekotasuna duten senideak, desgaitasuna duten pertsonak edo bereziki ahulak diren pertsonak?

Ez. Laguntza eta zaintza lanak egitera bakarrik joan ahal izango da horien etxera.

Baratzera joan naiteke?

Bai, baratza udalerrian bertan edo mugakide den herrian baldin badago.

Bigarren etxebizitzara joan al naiteke?

Ez, inguruko udalerrietan ez baldin badago.

Zilegi al da sindikatuei edo alderdi politikoei loturiko jarduerengatik lekualdatzea?

Bai. Jarduera instituzionalak direlako.

Hilerriak bisitatu al daitezke?

Bai, baina soilik bizilekukoak edota udalerri mugakideetakoak.

Kultur etxeetan, kirol eskoletan eta abarretan egiten diren jardueretan parte hartzeko atera al naiteke?

Bai. Udalerrian bertan edo mugakide diren udalerrietan baldin badira.

Bizilekutik edo ondoko udalerritik kanpo entrenatzera joan al naiteke?

Ez, kirolari profesional, erdi-profesional, Basque Team edo Goi Mailako kirolari akreditazioa eduki ezean. Taldean entrenatzeko eta lehiatzeko baimena izango dute, mugikortasun eta kopuru mugarik gabe.

Kirol jarduera bat egitera joan al naiteke beste herri bateko kiroldegira?

Bai, herri mugakidea baldin bada bakarrik.

Beste udalerri edo erkidego batzuetara joan al naiteke ehizara edo arrantzara?

Ez. Bi jarduera horiek bizilekuan bertan edo mugakideetan bakarrik egin ahal izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak