Arau orokorrei dagokienez, aire zabalean, kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da –kontaktu fisikorik gabe– eta gehienez ere sei pertsonako taldeetan. Horrez gain, mugakide diren udalerrietara joateko aukera ere badago. Bestetik, bestelako espazioetan ere egin daiteke kirola –behean dago zehaztuta–, eta edukierei erreparatuta, %50koa izango da gehienez, eta asko jota 400 pertsonakoa espazio itxietan eta 600ekoa espazio irekietan.
Taldeei dagokienean, aldi berean seiko talde bat baino gehiago egon daitezkeen arren, ez da baimentzen horien arteko harremana., eta kirola egiterakoan, maskara erabili beharko da distantzia ez bada gutxienez 1,5 metrokoa.
Kirol-eremuei dagokienez, –skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak– irekita egon ahalko dira, gehienezko edukiera errespetatzen bada: lau metro karratu pertsona bakoitzeko. Espazio hori antolatzea eta higiene baldintzak bermatzea Udalei dagokie.
Ehiza-jarduerak eta arrantza ere baimenduta daude segurtasun-distantziak errespetatuz gero eta maskara jarriz gero.
Kirol-instalazioetan, bakarka edo taldeka
Gimnasioetan, igerilekuetan eta bestelako kirol instalazioetan kirola bakarka egin ahalko da, eta taldean ere bai, betiere, gehienez sei pertsonakoak badira.
Bestetik, programatutako ikastaroak edo jarduerak ere egin ahalko dira, eta maskara ez da beharrezkoa izango jarduera egin bitartean –distantzia errespetatzen bada–, baina bai joan-etorrietan eta atsedenaldietan.
Edukierari dagokionez, %50ekoa izango da, eta aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira, babes-arauak betez eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantenduz.
Maila profesional eta erdi-profesionaletan, aukera zabalagoa
Entrenamendu eta lehiaketa profesionalak eta erdi-profesionalak (egutegi ofizialeko estatuko eta nazioarteko lehiaketa ezberdinak eta baita Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketak ere; hauek guztiak kategoria absolutuan eta baita kirol autoktonoen goreneko lehiaketak) baimenduta daude, taldekako mugarik gabe eta mugikortasun mugarik gabe. Halere, maskara nahitaez erabili beharko da, jarduera momentuetan izan ezik.
Entrenamendu eta lehiaketa federatuak, udalerrietan
Aurreko paragafoan jasota ez dagoen kirol federatuaren lehia etenda geratu da, baina entrenamenduak baimentzen dira, betiere, sei laguneko taldeetan. Kasu honetan, kirol federatukoak mugatuta dute mugikortasuna, bere udalerrira eta alboko udalerrira. Kontuan hartu behar da, bestalde, lizentzia federatuak indarrean egon beharko duela eta 2020ko urriaren 26a baino lehenagokoa izan behar dela.
Eskola kirolean, lehiarik ez
Eskola kirolean, taldekako zein bakarkako entrenamenduak baimentzen dira, baina lehiaketak ez. Beste kasuetan bezala, entrenamenduetan, gehienez sei lagunek osatu beharko dituzte taldeak, eta aldi berean talde bat baino gehiago egon daitekeen arren, ezin da haien artean harremanik egon. Bestalde, ikastetxeetako jarduerak egiteko, bertan ezarritako protokoloak bete beharko dira.
Kirol ekitaldi eta ikuskizunak, edukierarekin
Lehiaketak, ikuskizunak edo ekitaldiak antolatzeko, "arriskuak murrizteko plan edo protokolo" bat egin beharko da eta hori Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ebaluatu beharko du. Hala, antolatzaileek protokoloa erakunde eskudunei aurkeztu beharko diete, lehiaketa edo ekitaldia egiteko baimena eskatuz.
Horri lotuta, publikoa bertaratzeko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan: maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da beti –baita segurtasuna mantenduta ere–, eta ikusleak eserita egon beharko dira, aurrez esleitutako eserlekuan.