Kasu gutxiago badira ere, bailarako herri gehienetan atzeman dira positibo berriak; erdiak, Arrasaten. Hamaika kasu baieztatu dira bertan, herenegun baino bat gutxiago, eta dagoeneko 754 dira pandemia hasieratik kutsatutakoak. Bergaran, berriz, datuen arabera, modu nabarmenean egin dute behera kutsatzeek; herenegun hemezortzi hauteman ziren, eta atzo, aldiz, lau. Dena den, 393 bergararrek hartu dute birusa pandemian zehar. Bide beretik, Oñatik ere beheranzko joera hartu du, aurreko asteko datuekin alderatuta; lau positibo berriekin, 267 dira orain arte gaixotutakoak.
Datu guztiak daude bilduta, honako mapa honetan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian, 1.556 kasu
Atzo 15.887 PCR proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta %8,2k eman zuten emaitza positiboa EAEn eta %14,6k Nafarroan; 1.556 positibo atzeman zituzten, alegia. Horietatik 578 Nafarroan izan ziren, 457 Bizkaian, 413 Gipuzkoan, 86 Araban eta 22 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Hala, oraindik birusa hedatzen ari da, eta hori erakusten dute atzo erregistratutako oinarrizko birsorkuntza datuek ere: 1,19koa izan zen Gipuzkoan eta 1,11koa Araban.
Ospitaleei dagokienez, berriz, Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo 97 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, azken datuaren arabera 875 pertsona daude Hego Euskal Herriko ospitaleen sarean; horietatik 124, ZIUn.
Naeurri murriztaileak gehiago zehaztekotan
Gobernu Kontseiluaren ostean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du, atzo iragarritako neurri murriztaileak gaixotasunaren "hedapena saihesteko" eta "kutsatzeak mugatzeko" dela: "Gobernuaren asmoa da konfinamendu orokorrera jo behar ez izatea, eta horretarako, hartu beharreko ezohiko neurri guztiak hartzea".
Horrekin batera, Zupiriak esan du norbanako bakoitzak ariketa egin behar duela eta beharrezkoak ez diren ekintzak saihestu behar direla. Hori bai, azpimarratu du gutxieneko jarduera sozial, kultural eta kirol jarduera segurua izateko "ateak irekita" utzi behar direla. Dena den, Jaurlaritzak oraindik ez du zehatz azaldu zein eratako jarduerak sartzen diren jarduera sozio-ekonomikoen baitan, eta hortaz, momentuz ezin da jakin kasuistika guztien egoera zein izango den.