Birusaren "lehenengo agerraldian, ezker subiranistak berretsi zuen atera beharreko ikasgai nagusia zela beharrezkoa dela osasunean eta zerbitzu publikoetan inbertitzea", adierazi du EH Bilduk: "Azken hilabeteotan ez da horrelakorik gertatu. Oinarrizko gizarte-zerbitzuetan aurreikuspenik eta inbertsiorik egon ez denez, pandemiari eta horrek sortzen dituen ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoei aurre egitea asko zailtzen ari da".
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta Urkullu lehendakariari eskatu die "ahalik eta lasterren sor dezatela sektorearteko mahai bat, eragile instituzional, politiko, ekonomiko, sozial eta sindikalek parte har dezaten, gaian aditu direnekin batera, pandemia honek eskatzen dituen irtenbide guztiak denon artean bilatzeko helburuarekin". Estatuari Alarma Egoera eskatzeko erabakia eta gaurko neurriak "Urkulluk bere kabuz" hartu dituela azaldu du EH Bilduk, beste alderdiekin, oposizioarekin, "kontrastatu" gabe.