Herrien arteko mugimenduek justifikatuak izan beharko dute

Maialen Santos 2020ko urr. 26a, 19:18

Elorregiko biribilgunea.

EAEko herritarrak ezin izango dira norbere udalerritik atera. Hala eta guztiz ere, jarduera sozioekonomikoak egiteko "udalerri mugakideetara" mugitzeko aukera izango dute. Era berean, hiru lurraldeetatik –Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia– irtetea eta sartzea debekatuta egongo da. Aldiz, gune gorrian dauden herrietan 21:00etarako jarduera oro amaitzeko agindua bertan behera utzi dute neurri berriekin, eta horietan ere etxeratze ordua izango da muga; ostalaritzan izango du, adibidez, horrek eragina.

Eusko Jaurlaritzako Gotzone Sagardui Osasun sailburuak arratsaldean egindako agerraldian eman ditu jakitera alarma-egoeraren baitako neurri berriak. Azaldu duenez, EAEko herritarrek ezingo dute udalerritik atera, baina "udalerri mugakideetara" mugitzeko aukera izango dute, "jarduera sozioekonomikoetarako soilik". 

Eremu publiko zein pribatuetako bilerak ere mugatu ditu Jaurlaritzak. Gehienez ere sei pertsonako topaketak egin ahal izango dira, eta "elkarrekin bizi diren pertsonak" izango dira salbuespen bakarra. 

Bestalde, etxeratze-agindua 23:00etatik 6:00etara artekoa izango da EAEn. "Horrek esan gura du ordu horien artean herritarrek ezingo dutela kalean ibili", zehaztu du Sagarduik. Edozelan ere, salbuespen batzuk ere ezarri ditu. Etxetik ateratzeko aukera egongo da besteak beste, botikak erosteko, erietxera joateko, lanera joateko, ikasteko eta zaintzarako –adingabeak, adineko pertsonak edota mendekotasuna dutenei dagokienez–. Etxeratze-aginduak irauten duen orduetan, gainera, ez da garraio publikorik egongo. 

Neurriak biharko 6:00etatik indarrean

Egoera epidemologikoaren bilakaeraren ondorioz eta "kutsatzeen hedapenari eusteko" hartu dituzte neurriok, sailburuak azaldu moduan. Horretaz gain, adierazi du dekretua "gaur bertan" argitaratuko dutela EAEko Aldizkari Ofizialean. Hori horrela, bihar goizeko 6:00etan sartuko dira indarrean iragarritako neurriak. Gaineratu du hamabost eguneko iraupena izango dutela horiek, egunez egun egoera "aztertzen" joango diren arren. "Arduratzeko moduko egoera da honakoa", azpimarratu du. 

Gogoratu behar da atzo alarma egoera onartu zuela Espainiako Gobernuak –eta atzo bertan sartu zen indarrean–, eta etxeratze-agindua ezarri zuen 23:00etatik 6:00etara. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak erkidego bakoitzaren esku utzi zuen etxeratzeko ordua ordubete aurreratu edo atzeratzea. Eusko Jaurlaritzak, baina, bere horretan mantendu du tarte hori. 

Gaur goizean presidente autonomikoen bileran parte hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta bileran izan dira Europar Batzordeko ordezkariak ere. Arratsaldean, Euskadiko Babes Zibileko Planeko Aholku Batzordearen (LABI) bilera egin dute. Horren ostean iragarri dituzte bihartik aurrera indarrean jarriko dituzten neurriak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak