'Gure Begiradak' lehiaketa abiatu dute ONCE Euskadik eta MU-k

Hasier Larrea 2020ko urr. 23a, 14:09

Ikusmen urritasuna duten pertsonen egunerokotasuna errazteko asmoz, ikasleen parte hartzea sustatzeko lehiaketa berria da. Partaideek garraio publikoan, txandak hartu behar diren guneetan eta mugikorretako bideojokoetan zentratuko dituzte beraien proiektuak. 

Lasterketak eta kaleko zenbait sentsibilizazio kanpainak bertan behera gelditu badira ere, Once Euskadi erakundeak ikusmen urritasuna duten pertsonen beharrei erantzunak ematen jarraitzen du. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Gure Begiradak lehiaketa jarri du martxan, unibertsitateko ikasleek pertsona itsuentzat iniziatiba praktikoak garatu ditzaten. Egitasmoaren deialdian ez dute Mondragoneko ikasleek soilik parte hartuko; Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate ikasketak burutzen diharduen ikasle orok dauzka ateak zabalik.

Gure Begiradak proiektua bi fasetan banatuko da. Lehen faseari urriaren 30ean ekingo diete Bilbon edo online forman. Partaideak lantaldeetan batuko dira buruan duten ideien zirriborroei forma emateko. Bigarren fasean, berriz, garatutako proiektua epaileen aurrean aurkeztuko dute ikasleek,  azaroaren 13an. Parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada.

Lehiaketa hiru erronkatan oinarritzen da; garraio publikoa modu autonomoan hartzeko sistemen garapenean, txandak hartzeko eraikinetan, bankuan, harategian edo postetxean esaterako, ahots bidezko komunikabide baten proposamenean,  eta gazteei zuzendutako bideojoko baten diseinuan, gutxi ikusten duen pertsona batek bere mugikorrean jolasteko moduko diseinuan, alegia.  Hiru proposamen hauetatik bat aukeratuko dute ikasleek. 

Irabazleek diru sariak jasoko dituzte, baina ONCE Euskadik adierazi bezala, saririk potoloena garatutako egitasmoak errealitatean aplikatzea izango litzateke, pertsona itsuen bizitza hobetzeko beti ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak