Bilera gutxiko negoziazioa egin ostean, gustura

Karmele Uribesalgo 2020ko urr. 23a, 15:07

40.000 langilerengan eragingo du metalgintzako akordioak, eta 2023ra arte egongo da indarrean. Besteak beste, soldata igoera adostu dute. Oro har, balorazio positiboa egin dute hitzarmena sinatu duten ELA, LAB eta CCOO, baita bailarako enpresak ere

Gaur sinatuko dute Gipuzkoako metalgintza sektoreko hitzarmena. Joan den astean lortu zuten akordioa Adegik eta gehiengo sindikala duten ELAk, LABek eta CCOOk –UGTk ez du onartu–. Orokorrean, balorazio positiboa egin dute, eta Adegik "historikoa" dela adierazi du. 40.000 langile inguruk gutxieneko erreferentzia bat izango dute horri esker.

Eragin orokorrekoa da hitzarmena, eta aldea enpresa-itunik ez dutenek nabarituko dute, batez ere. Besteak beste, %9,6ko soldata igoera proposatzen du aurreko hitzarmenarekin alderatuta, eta osasun azterketak lanordu gisa zenbatuko dira. Horrez gain, akordio horri esker, KPIa bermatuta geldituko da enpresa guztientzat.

Sindikatuei dagokienez, ELAk dauka gehiengoa; langileen %48 ordezkatzen du. Patxi Zubizarreta ELAko Debagoieneko Industria Federazioko arduradunak azaldu du "pozik" daudela hamar urteren ostean hitzarmena eguneratzea lortu dutelako: "Urte asko dira ez zela sinatzen Gipuzkoako hitzarmenik, eta, edukietan atzerapausorik egin gabe, akordio bat lortu dugu".

Bilera gutxiko negoziaketa izan dela azaldu du Zubizarretak, baina "gogorra" izan dela nabarmendu: "Gure helburuak finko zeuden, eta ez genuen nahi atzerapausorik". ELAko kideak adierazi duenez, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak esan izan dute pandemiak eragindako krisitik atera ahal izateko beharrezkoa izango dela soldatak jaistea. Hala ere, azpimarratu du euren sindikatua ez dagoela horretarako prest. Horrez gain, aitortu du beste hainbat kontu sartu nahi zituztela hitzarmenean, baina kanpoan gelditu behar izan direla. Horietako batzuk dira lanorduen murrizketa eta bajen osagarriak.

"Gehiago lortu zitekeen"

LAB ere gustura dago sinatutakoarekin. Hori adierazi du Xabier Llodiok, sindikatuko Debagoieneko Industria Federazioko kideak. Dena den, uste du gehiago lortu zitekeela. Berdintasun batzordea eratzeari garrantzi berezia eman dio LABek, eta Adegik hori sortzeko proposamena egitea izan zen hitzarmena sinatzeko arrazoietako bat. "Aukera bat da soldata arrakala amaitzeko eta emakumeen kontratazioan aurrerapausoak emateko", adierazi du Llodiok. Izan ere, LABeko ordezkariak azaldu duenez, industriako langileen artean %19 dira emakumeak.

Llodiok aitortu du "harriduraz" jaso zutela ELAk hitzarmena sinatuko zuen albistea. Horrez gainera, adierazi du argi gelditu dela Adegik interesa zeukala akordioa "azkar" lortzeko, nahiz eta akordioa bereziki "ona" ez izan.

LABek jakinarazi du hitzarmena sinatu arren lanean jarraituko dutela. "Prekarietatea ez da amaitu", azaldu du Llodiok. Hori dela eta, nabarmendu du orain enpresaz enpresa joango direla, lan baldintzak hobetzeko asmotan.

Enpresentzat ere eragina

Bailarako enpresek ere balorazio positiboa egin dute, oro har. Ander Aramburu Bergarako Lazpiur enpresako zuzendari orokorrak adierazi du egonkortasuna ematen diela hitzarmenak: "Adegi eta sindikatuak ados jartzeak lanak errazten dizkigu bai enpresei, baita langileei ere". Hala ere, Aramburuk aitortu du lehiakortasun aldetik, urtean 1.697 ordu lan egiteak "puntu txarrean" uzten dituela Espainiako eta nazioarteko beste enpresa batzuekin alderatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak