Biltzarrak sei lagunekoak gehienez eta edukierak %50era

Miren Arregi Amasorrain 2020ko urr. 17a, 17:00

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik COVID-19aren hedapena gelditzeko neurrien berri eman du. Biltzarrak, publikoak zein pribatuak, sei lagunera mugatuko dira eta edukiera %50era gutxituko da ostalaritzan, terrazetan salbu. Gainerako aktibitate kultural zein erlijiosoetan ere erdira jaitsiko da edukiera. Txoko eta elkarteetan ezin izango da ekintzarik egin eta federatua ez den kirola bertan behera geldituko da. Datozen egunetan jarriko dira neurriak indarrean, Auzitegi Gorenak ebatzia ematen duenean.

Birusaren hedapenaren goranzko joera ikusirik, Eusko jaurlaritzak neurri berriak ezarriko ditu. "Biziberri II planaren laugarren agertokian gaude, transmisio handikoan, eta hori geldiarazteko neurriak beharrezkoak dira", azaldu du Sagarduik. Gipuzkoa bizitzen dabilen hazkundea da une honetan agintariak gehien kezkatzen dituena.

Izan ere, EAEko intzidentzia tasa metatua 334,81 kasukoa da 100.000 biztanleko eta birsorkuntza tasa %1 baino altuagoa. Osasun sistemaren une honetako egoeraz azaldu du, 51 lagun daudela Zaintza Intentsiboko Unitateetan, guztira EAEk 620 plaza dituenean.

Neurri berriak

Esandako moduan, sei lagunera mugatuko dira biltzarrak eta %50era mugatuko da edukiera tabernetan –terrazetan salbu–, zein kultur eta erlijio ekintzetan. Txoko eta elkarteak itxita egongo dira eta ezin izango da federatu bariko kirolik egin. Gainera, itxi egingo dituzte parkeak gaueko 23:00etan, litroak egitea saihesteko. Tabernek eta jatetxeek 00:00etan itxi beharko dute. Neurri handiko ekintzei dagokienean, 400 pertsona elkartu ahalko dira gehienez barruan; 600 lagun, kanpoan direnean.

Jaurlaritzak oraingoz ez du konfinamendurik aurreikusten, baina ez dute baztertu. Neurriak indarrean jarriko dira datozen egunetan, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi ondoren.

Test antigenikoak erabiltzen hasiko da Osakidetza

Osakidetza, bestetik, gaur hasi da COVID-19a atzemateko test antigenikoak erabiltzen. Pixkanaka, EAEko osasun-zentro guztietan egingo dituzte proba horiek, gaitza "berehala" atzeman eta kutsatze-katea lehenbailehen eteteko. Irekia atarian egunero argitaratzen duten txostenean jasoko dituzte test antigenikoen emaitzak, PCR probekin batera.

Berrogeialdia 10 egunekoa

Bestetik, positiboen bakartzea 10 egunekoa izango da hemendik aurrera eta baita positiboen kontaktuena ere. Orain arte, 14 egunekoa zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak