Positiboen gorakada handia izan du EAEk azken orduetan, izan ere, 828 infekzio berri zenbatu baitituzte, abuztu amaieratik ikusi ez den kopurua, eta positiboen tasa % 7,4ra igo da. Gainera, Espainiako Osasun Ministerioak koronabirusaren maila altuan kokatu du Euskal Autonomia Erkidegoa.
Gipuzkoako zortzi udalerri (Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Elgoibar, Ordizia, Tolosa eta Zumarraga) eta Bizkaiko bi (Lekeitio eta Durango) gorriz margotu ditu gaur, ostirala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur gaurkoz ez dago Debagoienekorik gorrien artean, bai ordea laranjaz margotutakoetan; Oñati eta Bergara, hain zuzen ere. Bestalde, Arrasate eta Aretxabaleta, horiz markatu dituztenen artean daude.
Gorakada handia azken astean
Debagoienean azkenengo astean –urriaren 9tik 15era– 1.630 proba egin dira guztira eta horietatik 126k eman dute positibo. Urriko lehen astearekin alderatuz –1.406 proba egin ziren orduan eta 79 positibo baieztatu–, gorakada nabarmena izan da honako honetan. Esan behar da, gorakada hori zerbait orokorra dela eta osasun sailak ez duela foku zehatzik hauteman. Une honetan bost lagun daude ingresatuta Debagoieneko Ospitalean.