Pandemiako zenbateko handiena erregistratu da bailaran: 36 kasu hauteman dira

Uxue Igarza Loiola 2020ko urr. 16a, 13:02

Oñatin hamasei positibo baieztatu dira azken orduetan, Bergaran hamar, Antzuolan bost, Arrasaten lau eta Eskoriatzan bat. Hala, dagoeneko 1.409 dira pandemia hasieratik metatutako COVID-19 kasuak.

Atzo egindako PCR probek 36 kasu berri atzeman dituzte: herenegun baino hamaika gehiago eta asteartean baino 26 gehiago. Debagoienean inoiz erregistratu den zenbateko handiena da. Eta bailaratik harago ere, gorakada nabarmena izan da; Gipuzkoak ere inoizko datu altuena izan du: 370 kutsatu.

Herrien errepasoa eginez gero, Oñatin dagoeneko 217 kasu erregistratu dira eta Bergaran 297. Osasun Sailaren arabera, bi udalerriek azken asteetan izan duten intzidentzia tasa altua da (300 eta 499 artekoa) eta horrenbestez, laranjaz markatu ditu. Bestetik, horiz dago (60 eta 299 arteko intzidentziarekin) 604 kasu batu dituen Arrasate.

Azken positiboak baieztatu dituzten udalerriekin jarraituz, Antzuolan 55 metatu dira –horietatik 28 azken zazpi egunetan–, eta bestetik 56 dira gaixotasuna hartu duten eskoriatzarrak.

Hurrengo mapan daude udalerri guztietan eguneratutako datuak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Pandemiako bigarren zenbateko handiena EAEn

Hego Euskal Herrian, 14.710 PCR egin ziren atzo eta 1.351 kasu baieztatu zituzten: 523 Nafarroan, 370 Gipuzkoan, 329 Bizkaian, 116 Araban eta 8 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Pandemiaren hasieratik erregistratutako bigarren zenbateko handiena da EAEn; positiboek abuztuaren 28an jo zuten goia 866 kasurekin –atzo baino 38 gehiago–. Eta hasieran aipatu bezala, Gipuzkoak inoizko datu altuena erregistratu du. Horrekin batera, atzoko egunez 1,30eko oinarrizko birsorkuntza datua izan zuen Gipuzkoak, eta 1,17koa Arabak. Nafarroaren kasuan, urriaren 11n erregistratu zen datu okerrena (564 positibo), atzo baino 41 gehiagorekin; dena den, azken zenbatekoa hirugarren altuena da.

Bestetik, erietxeetan ere gora egin dute ospitaleratzeek: atzo 61 lagun ingresatu zituzten Hego Euskal Herrian –herenegun baino zortzi gehiago– eta azken datuen arabera, 585 daude ospitaleratuta; horietatik 86, ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak