EAEn Osakidetzak jakinarazi dituen datuen arabera, 6.872 PCR proba egin ziren atzo, urriak 11, eta, 364 positiboak izan ziren. Horietatik 70 Araban, 140 Bizkaian eta 154 Gipuzkoan atzeman dira.
Ospitaleratze egoerari dagokionez, EAEn 22 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVID-19a duten 47 pertsona ZIUn daude. Udalerrietako kasuak eta R0 indizea bihar, martitzena, eguneratuko ditu Osakidetzak.
Nafarroan 500 kutsatutik gora
Maria Chivite Nafarroako presidenteak Ser irratian aurreratu du goizean atzo egindako PCR proben datuek gorakada nabarmena izango dutela, eta halaxe izan da: 500 kutsaturen langa gainditu da; 546 dira kutsatuak Nafarroan. Hala ere, bihartik aurrera ezarriko diren neurri murriztaileek Nafarroan pandemia geldiarazteko eraginkorrak izango direla uste duela gaineratu du. "Neurri gogorragoak hartu behar badira, hartuko ditugu", zehaztu du Chivitek.
Ospitaleratze datuei dagokienez, 281 lagun daude Nafarroan ospitaleratuta, eta horietatik 34 ZIUn daude.