ALBISTEAK

Durangoko Azokaren 55. edizioa berritasun handiekin dator

Txomin Madina Milikua 2020ko urr. 8a, 15:00

Ezohiko urtean, ezohikoa izango da baita ere abenduaren 4tik 8ra egingo den Durangoko Azokaren 55. edizioa. Berrikuntza nabarmenena Landako gunean igarriko da. Izan ere, aurten ez da salmahairik egongo bertan eta diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak eta bestelako sormen lanak  denda birtual batean eskuratu ahalko dira; Durangoko Azokaren webgunean.

"Online denda horretan kultur produktu guztiak eskuragarri izango dituzue. Aukeratutako produktuak klik batean erosi eta etxean bertan jasoko dituzue. Beraz, abenduaren 4tik 8ra online denda  honek arrakasta izateko denon beharra izango dugu. Partaide zein erosleen taupada beharrezkoa izango da aurten ere euskal kulturaren ekosistemak bizia hartzeko", azaldu du Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak.

Azokaren antolatzaileak arduratuko dira  denda birtuala kudeatzeaz; eta azaldu dutenez, euskal sortzaile guztiek izango dute lekua, txikiek zein handiek, denek espazio bera izango dutelako bertan. Gaur bertan zabaldu dute azokan parte hartu gura duten sortzaileek izena emateko epea.

Beste berritasunetako bat da kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak eta bestelakoak ere egingo direla, baina hauek ere egungo egoerara moldatuta: "Durangon, kulturaren plazan zuzen-zuzenean eta aurrez aurre kultur eskaintza horretaz gozatzeko aukera egongo da. Hori bai, edukiera mugatua izango da eta aldez aurretiko erreserba egitea beharrezkoa izango da. Baina Durangora etorri gabe ere, norberaren etxetik streaming bidez jarraitu ahal izango da Azokaren webgunean", nabarmendu du Mujikak.

Bi lekutan izango dira kultur egitaraua osatuko duten ekitaldiak: Landako Gunean eta Plateruenan.

Aurtengo kartela, Ane Pikazak

Gaur goizean Plateruenan bertan egindako agerraldian eman dute berritasun horien guztien berri. eta bertan aurkeztu dute baita  ere 55. edizioaren kartela izango dena. Ane Pikaza aktore eta ilustratzaile bilbotarrak egin du, eta besteak beste, aurtengo leloarekin, TAU PA DA!-rekin jolasten du. "Kultura gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, azaldu nahi nuen kultura etengabeko eraikuntzan, sorkuntzan eta mugimenduan dagoen zerbait dela", adierazi du Pikazak gaurko aurkezpenean.

Formatu berria izango du aurten Durangoko Azokak bai, baina aldatu ez dena, euskal kulturaren plaza eta topagune izateko borondatea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak